Arartekoak Segurtasun Sailari gomendatu dio berriz azter dezala ibilgailuaren azterketa teknikoa epe barruan ez egiteagatik herritar bati jarritako isuna

Arartekoaren ustez, IAT arautzen duten arauak ez betetzea  dagokion azterketa teknikoa egiteari dagokionez  ez da nahikoa, berez, arrazoi horregatik isun bat jarri izana oinarritzeko, horretarako ezinbestekoa baita, gainera, zigortutako pertsonari erantzukizuna egotzi ahal izatea.

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados bere ibilgailuaren azterketa teknikoa (IAT) epe barruan ez egiteagatik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jarri zion isunarekin.

Kexagileak azaldu zuenez, Jundizko zentroa arduratzen da Araban (bere bizilekuan) zerbitzu hori kudeatzeaz, eta aldez aurretik harekin harremanetan jarri zen, baina ez zegoen hitzordu librerik uztailaren 20a baino lehenago, gainezka baitzegoen, zentro horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zentro batzuetan gai hori arautzen duen araudi berri bat indarrean jartzearen ondorioz.

Adierazi zuen, halaber, ibilgailuaren azterketa teknikoa 2019ko maiatzaren 4an iraungi zela jakinda, harekin inoiz ez zirkulatzeko ardura izan zuela, eta leku berean aparkatuta eduki zuela, harik eta ibilgailua azterketa teknikora eraman arte.

Hortaz, bere ustez, ezin zitzaion arau-hauste harengatik erantzukizunik eskatu, ez baitzen gertatu bere jokaeragatik, baizik eta une hartako eskaerari erantzun ezin zion zerbitzu publiko bat gainezka egoteagatik.

Horregatik, alegazioetan, zigor-espedientea indarrik gabe utz zezaten eskatu zuen. Gainera, egoera hura egiaztatzeko asmoz, zentro horren hitzordu-egutegiari buruzko agiri bat aurkeztu zuen, baita ere 2019ko uztailaren 20rako eman zioten hitzorduaren frogagiriaren kopia bat.

Berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen arren, ezetsi egin zioten, iruditu baitzitzaien egindako alegazioek ezin zutela kexagilea erantzukizunetik salbuetsi.

Hala ere, Arartekoaren iritziz, IAT arautzen duten arauak ez betetzea dagokion azterketa teknikoa egiteari dagokionez ez da nahikoa, berez, arrazoi horregatik isun bat jarri izana oinarritzeko, horretarako ezinbestekoa baita, gainera, zigortutako pertsonari erantzukizuna egotzi ahal izatea.

Kexagileak adierazi zuenez, bere esku zegoen guztia egin zuen azterketa burutzeko eta azterketarik ezaren arriskuak ahalik eta gehien murrizteko: aurreko azterketaren indarraldia bukatu baino lehen eskatzea hitzordua, hura aurreratzeko egon zitezkeen ezeztatzeei buruz galdetzea eta, bitartean, ibilgailua aparkatuta eta zirkulatu gabe uztea, azterketa egin ahal izan arte.

Beraz, erakunde hau ez dator bat Segurtasun Sailaren txostenean ateratako ondorioarekin, hau da, ibilgailuaren titularrak erabateko arduragabetasunez jokatu zuela; hortaz, kexagileari jarritako isuna berriz azter dezan gomendatu dio.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-1739-19 Ebazpena, 2021eko azaroaren 3koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren araudiari lotutako trafikoko arau-hauste batengatik ezarritako zehapen bat.