Arartekoak Sestaoko Udalari gomendatu dio ofizioz ezezta dezala ibilgailu bat bidetik kentzeagatik tasa gisa bidalitako likidazio bat

Herritar batek Arartekora jo zuen, Sestaoko Udaletxeko Erregistro nagusian idazki bat aurkeztu eta erantzunik jaso ez zuela ikusi ondoren. Agiri hartan adierazi zuen ez zegoela ados udaltzain batek bere ibilgailuaren kontra jarritako salaketa batekin, ezta arrazoi horrengatik garabiak ibilgailua bidetik kentzearekin ere. Kexagileak esku-frenoa erabat ez ziurtatzeagatik eta ibilgailua mugitu eta beste bat jotzeagatik jarri zioten salaketa. 

Gainera, kexagileak udal gordailuan ibilgailua berreskuratzeagatik ordaindu behar izan zuen kopurua (141 euro) itzultzeko eskatu zuen.

Kexan adierazi duenez, ibilgailua jasotzera joan zenean, hura bultzatzea erabaki zuen, esku-frenoa jarrita zeukan ikusteko, eta konturatu zen autoa ezin zela mugitu. Toki hartan zegoen udaltzain bati deitu zion, eta hark egiaztatu zuen frenoa jarrita zegoela.

Arartekoak informazioa eskatu zion Sestaoko Udalari, baita egintza horiekin lotuta izapidetu ziren administrazio-espedienteen kopia bat ere.

Udalak igorritako txostenaren arabera, ez da zehapen-prozedurarik hasi eta ez da isunik ipini. Tasa hori kobratu dela bakarrik jakinarazten da.

Udalaren informazioa ikusita, Arartekoak udalari eskatu zion adieraz zezala ea prest zegoen ibilgailua bidetik kentzeagatik tasa moduan bidalitako likidazioa ofizioz ezeztatzera eta interesdunari bidegabeki kobratutako kopurua itzultzera, ez baitzegoen egiaztatuta ordainarazpena justifikatzen duen zerga-egitatea gertatu zenik.

Denbora igaro arren, udalak ez digu jakinarazi horrela jarduteko prest dagoen ala ez.

Horregatik, Arartekoak Sestaoko Udalari gomendatu dio ofizioz ezezta dezala ibilgailua bidetik kentzeagatik tasa gisa bidalitako likidazioa, eta kaltetuari itzul diezaiola bidegabeki kobratutako kopurua.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 13a
 


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena