ARARTEKOAK TRANSGENERO ETA TRANSEXUALEN EGOERA EUSKADIN TXOSTEN BEREZIA AURKEZTU DU

Transgeneroek eta transexualek gure errespetu eta laguntza osoa merezi dute. Gure gizarteak ulertu beharra dauka jaiotzetiko sexu biologikoarekin bat ez datozela sentitzen duten pertsonen esperientzia latza. Informazioa eta ezagutza ezinbesteko tresnak dira aurreiritziak gainditzeko eta pertsona horiek pairatzen duten bereizkeriari azkena emateko.

Talde hori oso ahula dela ikusita, Ararteko erakundeak txosten berezi bat prestatu du, Transgenero eta transexualen egoera Euskadin izenburukoa.

Ekimen horren helburu nagusia berdintasuna sustatzea da, eta transgenero eta transexualek beren eskubideak erabiltzeko aurkitzen dituzten oztopoak kentzea.

Beraien arazoak analizatu ondoren, pertsona horiek adierazitako beharrei gizarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ematen dizkieten erantzunak aztertu ditugu. Egun dauden baliabideak aztertuta, zer gabezia dauden ondorioztatu dugu eta, azkenik, hainbat gomendio egin ditugu.

Transexualitatea eta transgeneroa gizartearentzat ezezagunak direla egiaztatu dugu. Transgeneroak eta transexualak askotan estereotipo negatiboekin berdintzen dituzte, eta batik bat ikuskizunen munduarekin edo marjinazioarekin lotzen dituzte. Hala ere, errealitateak erakusten digu hori ez dela horrela. Era askotako lan-eremutan burutzen dute beren jarduera lanean dabiltzanek, eta horien guztien prestakuntza edota zertzelada sozial eta pertsonalak ere askotarikoak dira.

Baina, hori bai, pertsona horiek guztiek ezaugarri komun bat dute: beren genero-identitatea gizarteak markatutako arauetatik kanpo bizi dute, hau da, onartuta dagoen gizon-emakume dualtasunetik kanpo; dualtasun horri jarraiki, pertsona bat "gizon" kategorian edo "emakume" kategorian sartzen dute jaiotzaz duen sexu biologikoaren arabera. Genero-identitatea bizitzeko modu horrek alde batera uzten du kategoria bakoitzerako espero diren rolak betetzeko exijentzia. Hortaz, transexualen kasuan, persona horiek biologikoki egokitu ez zaien sexuan bizi eta garatu nahi dute: biologikoki emakume jaio dena gizon sentitzen da eta hala bizi nahi du, edo alderantziz. Transgeneroak, aitzitik, beren burua bi sexuekin bat datorrela senti dezakete, edota sexu bakar batekin ere ez datorrela bat.

Zertzelada berezi horrekin batera, sufrimendu izugarria sentitzen dute, eta sufrimendu hori larriagotu egiten dute gizartearen onespenik ezak eta arbuioak. Transgeneroen kasuan, beren anbiguotasuna are gutxiago ulertzen du gizarteak, eta gaitzespen handiagoa sortzen du.

Azken batean, zertzelada berezi horren ondorioz, pertsona horiek gizartearen eta osasun-sistemaren berariazko erantzuna eskatzen dute.

Bide luzea egin dugu 1979an transexualitatea zigortzea atzean utzi zenetik: martxoaren 15eko 3/2007 Legea, pertsonen sexuari buruz erregistroan egiten den aipamenaren zuzenketa arautzen duena, oso gertaera garrantzitsua da, dudarik gabe, pertsona horien eskubideak onartzeko; baita ere transexualen behar terapeutikoak aztertzeko asmoz Eusko Legebiltzarrean 2007an aurkeztu zen lantaldearen txostena: hori abiapuntu hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion prestazioen katalogoa eguneratu zezala eta Euskadi osorako erreferentziako unitate zentralizatu bat sor zezala, diagnostikoak eta orientazio terapeutikoa egiteko; genero identitatearen nahasteak artatzeko erreferentziako zentroak edo unitateak sortu eta horiei dagozkien protokoloak onartzea ere aurrerapen handia izan da, pertsona horien behar terapeutikoez arduratzeari dagokionez; sexua berresleitzeko ebakuntzen edo kirurgia plastikoen gastuak ordaintzeko ematen ziren diru-laguntzak, behin-behineko konponbide gisa, pertsona horientzako tratamendu klinikoari osasun publikoaren eremuan modu egokian eta osoki heltzen ez zitzaion bitartean; edo Osasun eta Kontsumoko sailburuak Legebiltzarrean berriki azaldu duen konpromisoa, kirurgia tratamendua EAEko Osasun Sistema Publikoaren prestazioen katalogoan sartzeari buruz.

Hala eta guztiz ere, oraindik bide luzea egin beharra dago transgeneroek eta transexualek beren funtsezko eskubideak benetan erabil ditzaten, batez ere berdintasunerako eskubidea, bereizkeriarik ez jasateko eskubidea eta osasunerako eskubidea.

Txosten berezi honetan transgeneroen eta transexualen testigantzak ezagutu ditugu. Horiei esker, beraien errealitatera, beraien bizipenetara hurbil gaitezke. Beraz, badakigu noiz hasten diren sentitzen sexu biologikoa eta beren baitan berea sentitzen dutena ez datozela bat; badakigu nola bizitzen duten esperientzia ia beti mingarri hori haurtzaroan, nerabezaroan, gaztaroan eta helduaroan; badakigu gizartean zer erantzun aurkitzen duten hori guztia adierazi baino lehen eta geroago; badakigu gertatzen zaienaz ohartzen direla; badakigu nola erreakzionatzen duten familiek, lagunek eta laneko inguruak...

Pertsona horien behar nagusiei eta gizarteak nahiz herri-administrazioek eskaintzen duten erantzunari ere heldu diegu. Antzeman dugunez, beraien behar nagusia begirunezko tratu berdina jasotzea da, bereizkeriarik gabea, eta modu egokian gizarteratzea. Behar horiek aseko badira, bereziki garrantzitsua da erregistroko datuak beren egiazko identitatera egokitzea eta osasun arloan erantzun ona ematea.


Lehendabiziko gaiari buruz -legezko aldaketak-, arestian aipatu dugun 3/2007 Legeak aukera ematen du erregistroan sexuari buruzko aipamena zuzentzeko eta izen berezia aldatzeko. Araudi hori ezartzeko orduan pertsona horiek aurkitzen ari diren arazo nagusiak aztertu ditugu txostenean. Lege horren aurrerapen handietako bat hauxe da: erregistroan aldaketa egiteko, inori ez zaio eskatzen sexua berresleitzeko ebakuntza kirurgikoa egina izatea. Baina, aldiz, bi urtez mediku-tratamendua jasotzen egon izana exijitzen da (osasunarekin eta adinarekin zerikusia duen salbuespenen bat kenduta), eta baldintzak horrek kanpoan uzten ditu mediku-tratamendurik jaso nahi ez duten transexual eta transgeneroak, baita ere hormona-tratamenduaren eraginez, askoz epe laburragoan beren itxura bere baitan sentitzen duten sexura erabat moldatzea lortzen dutenak.

Osasun-arretari buruz, pertsona horiek beraien gorputza egokitzeko prozesuan dituzten behar terapeutikoei Osakidetzak zein erantzun ematen dien aztertu da. EAEn osasun sistema publikoak eskainitzen dituen prestazioak aztertu dira, hain zuzen, Gurutzetako ospitaleko genero-identitatearen nahasteak diagnostikatu eta tratatzeko unitateak -bere protokoloari jarraiki- ematen dituenak. Analisi horretatik ondorioztatu da neurriak hartu behar direla sexua berresleitzeko tratamendu osoari buruzko osasun-prestazioa EAEko osasun sistema publikoak finantzatutako gainontzeko prestazioak bezalaxe egin dadin, Osasun eta Kontsumo Sailak pertsona horien behar terapeutikoei erantzun osoa emateko aurreikusi dituen jarduerak gauzatu bitartean.

Ezagutu ditugu pertsona horien errealitatea, beharrak eta eskaerak, baita gizarteak eta euskal herri-administrazioek emandako erantzuna ere. Hori egin eta gero, Ararteko erakundeak, aurreko txostenetan bezalaxe, zenbait proposamen egin ditu, guztira 27 gomendio, honako arlo hauetan: gizartea sentsibilizatzea, herritarrei informazioa ematea, hezkuntzaren eta lanaren eremuetan bazterketari eta bereizkeriari aurrea hartzea, administrazioaren azpiegiturak eta arreta-zerbitzuak egokitzea, gizarte- eta osasun-arreta, transexualek eta transgeneroek gizartean parte hartzea, edo esparru juridikoa egokitzea, haiei babes handiagoa emateko asmoz.


Lotutako dokumentazioa

Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin