ARARTEKOAK ZENBAIT UDALI INFORMAZIOA ESKATU DIE, FAMILIA BATZUEI UDAL LAGUNTZAK UKATZEN BAITZAIZKIE, BESTE LAGUNTZA BATZUK JASOTZEKO BALDINTZAK BETETZEN DITUZTELAKO

Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi du, familia askok azaldu duten arazo baten gaineko informazioa eskatzeko.

Udal gizarte zerbitzuek familia horiei adierazten diete ukatu egingo zaizkiela gizarte larrialdietako laguntza edo, bestela, udal laguntzak jasotzeko egin dituzten eskaerak, baldin eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) edota etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) jasotzeko baldintzak betetzen badituzte, kontuan hartu gabe prestazio horiek (DSBE-EPO) etenda edo iraungita dauden, etete edo iraungitze horiek zenbat denbora irauten duten, edo Lanbidek eskaera egin ondoko bi hilabeteetan erantzunik eman ez duen.

Horren ondorioz, gerta daiteke familia batzuek bolada batean inolako diru-sarrerarik ez izatea, beraien gizarte bazterketako egoera larriagotzea eta, azkenean, bizilekuaren egonkortasuna arriskuan jartzea, alokairu-errentei nekez aurre egin diezaieketelako.

Horregatik, Arartekoak informazioa eskatu die udal jakin batzuei, zehatzago jakin nahi baitu zer-nolako egoeran dauden familia horiek, nahiz eta badakien gizarte-bazterketaren kontrako borrokan beste herri-administrazio batzuk ere esku hartzen dutela.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 20a