Arartekoaren 1/2024 gomendio orokorra: Euskadin emisio gutxiko eremuak arautzeko proposamenak

Arartekoak 50.000 biztanletik gorako euskal udalei gomendatu die ahalik eta lasterren izapidetu eta onar dezatela beren udalerrietako emisio gutxiko eremuei buruzko araudia

Gomendio honen jatorria Ararteko erakundeak 2023ko otsailean hasi zuen ofiziozko jarduera bat da, izan ere, atzeratu egin zen emisio gutxiko eremuen (EGE) gaineko araudia, zeinak 2023. urtea baino lehenago egon behar zuen indarrean, klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legeko aurreikuspenaren arabera. Honako hauek dira eragindako udalerriak: Bilbo, Barakaldo, Donostia, Getxo, Irun eta Gasteiz. 

Betebehar hori gorabehera, 2024ko urtarrilaren 30ean, sei udalerri horietako bakar batek ere ez du lortu oraindik bere araudia onartzea, nahiz eta Bilbok hasierako onespena eman dion bere udalerrian EGEak arautzeko ordenantzari, eta Donostiak hasierako onespena eman dion hiri-mugikortasun jasangarrirako planari (HMJP) eta EGEen ordenantza-proiektuari.

Arartekoaren ustez, atzerapen horrek zaildu egiten du osasuna babesteko eta klima-aldaketaren kontra borrokatzeko nazioarteko eta Europako helburuak betetzea, aukera bat galtzen baita berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta euskal hirietako airearen kalitatea hobetzeko.

Emisio gutxiko eremuak ezartzea funtsezko neurria da airearen kalitatea hobetzeko eta hirietan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Biztanleen osasuna hobetzen eta klima-aldaketa arintzen lagunduko du.

Testuinguru horretan, Arartekoak azterlan bat egin du hainbat ordenamendutan gai hau arautzeaz. Ordenamendu horiek euskal udalerrietan hiri-mugikortasun jasangarriko planak onartzeko eta emisio gutxiko eremuak arautzeko betebeharra ezarri dute, ingurumeneko eta osasun publikoko irizpideetan oinarrituta. 

Arartekoaren iritziz, interesgarria da zenbait printzipio proposatzea hiri-mugikortasun jasangarrirako planen onarpenari buruzko txostena egiteko eta EGEak arautzeko, une honetan oraindik tramitazio-fase ezberdinetan baitaude Euskadin. Printzipio horiek oinarritzat balio dezakete euskal administrazio publiko eskudunek bete behar dituzten administrazio oneko betebeharrak zehazteko, mugikortasun jasangarri egokia, irisgarria eta segurua sustatzeko, ingurumenean eta gizartean ahalik eta eraginik txikiena izango duena.

Era berean, Arartekoak zenbait gomendio egin ditu, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo eta Irungo Udalentzat oinarri gisa balio dezaten, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, airearen kalitatea hobetzeko eta garraiobide iraunkorragoetara aldatzea indarrean jartzeko neurriak bultza daitezen eta gizarte-eztabaida eta onarpena susta dadin.

Zehazki, izapidetzen ari diren EGEak direla eta, Arartekoak hauxe gomendatzen du:

•    Azalera nahikoa izan dezatela, udalerri osoan airearen kalitateari, emisioak murrizteari eta garraiobide aldaketari buruzko helburuak betetzeko.

•    EGEen ingurumen-helburuak betetzeko denbora-esparru argi eta fidagarria finka dezatela.

•    Horien ebaluazioan sar ditzatela hiri-espazio mugakidea eta kalteberatasun bereziko eremuak.

•    Behar bezala arrazoitu ditzatela trafikoa murrizteko neurriak.

•    Eremu horiek izapidetu eta gero ebaluatzean, dagoen informazio guztia eskuratzeko eskubidea bermatu eta herritarren parte-hartzeko eskubidea susta dezatela, batez ere talde batzuena, hala nola gazteena.

•    Parte hartzeko prozesuan ebaluazio eta analisi egokia egin dezatela trafikoa murriztearen ordezko hautabideek izango duten eraginaz.

Orobat, Arartekoak iradoki du Euskadin araudi bat onar dadin, 50.000 biztanletik beherako udalerrietan EGEen ezarpena bultzatzeko.

GOMENDIO OROKORRA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 23a