Arartekoaren 2021eko txostena Eusko Legebiltzarrari

2021ean pandemiak oso bizirik jarraitu du gure bizitzetan eta administrazioen jardueran bertan, batez ere osasun-sisteman, osasuna zaintzeko neurrien ondorioz pertsonen eskubideak mugatzean; horrek Arartekoaren jardueran ere eragin du.

Honako hauek dira Arartekoaren 2020ko jardueraren datuetako batzuk.

12.491 jarduera egin dira guztira (aurreko urtean baino %27 gehiago); horietatik, 7.578 kexei eta kontsultei dagozkie eta 47 ofiziozko espedienteei (arloka, Haur eta Nerabeentzako Bulegoari eta segurtasunari dagozkionak nabarmentzen dira).

Zuzenean artatzeko bulegoetan guztira 9.445 zerbitzu egin ditugu. Horietatik, 4.778 hiru bulegoetako batean aurrez aurre egindako kexak eta kontsultak izan dira, eta 4.667 telefono bidezko aholkularitza eta informazioari buruzkoak.

50 bilera egin ditugu gizarte-erakundeekin eta 39 hainbat administraziorekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Era berean, administrazio, gizarte-erakunde eta aholkularitzek sustaturiko estatu- eta erkidego-mailako 126 ekintza eta jardunalditan hartu dugu parte, eta nazioarteko beste 14tan.

2021ean zehar, 2.131 kexa-espediente ebatzi dira, eta 1.422 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, erabaki da kexak behingoan ez onartzea, bikoiztuta zeudelako, beste herriaren defendatzaile batzuei aurkeztu zitzaizkien-eta; ebazpen judizialaren zain zeudelako edo epai irmoa zutelako; auzibidera jo zelako, eta abar. Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 50 egun izan da.

Kexa-espediente horiek aztertuta, ikusi dugu horien %45etan ukitutako administrazioak oker jardun zuela; ehuneko hori aurreko urtekoa (%43) baino handiagoa da. Kasuen %87tan, ukitutako administrazioak erreklamazioa eragin zuen jarduna aldatu eta zuzendu du. Kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formalik egin behar izan.

Kexek hizpide duten gai-arloaren arabera, gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoei loturiko kexek zertxobait gora egin dutela antzeman dugu: 508 izan dira (2020an 497 izan ziren). Kexa-espediente horietatik, %90ek baino gehiagok Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia daukaten arazoak dituzte hizpide, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzean burutu dituen jarduerekin ere.

COVID-19aren pandemiari eusteko hartutako neurrien ondorioz, funtsean areagotu egin dira osasunarekin loturiko kexak. Izapideturiko kexa-espedienteen ia %47k lotura dute gizarte-eskubideekin (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza eta abar).

Halaber, kexetako asko arreta publikoko kolektiboei buruzkoak dira. Espediente horietako askok pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin dute zerikusia, eta horien helburua da emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, desgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso dituen erakundea 2021ean (ia %53), eta euskal udalen jarduerei buruzko kexak aldaketa handirik gabe mantentzen dira (%34).

Urtean barrena 5 azterlan eta txosten aurkeztu ditugu:

- Familia erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin. Diagnostikoa eta jarduteko proposamenak

- Lagundu gabeko haur eta nerabe atzerritarrak babesteko zerbitzuak Europan

- Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa

- COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan duen eragina

- Arartekoak 2021. urtean egindako gomendio eta iradokizunen bilduma eta laburpena diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren arloan.

Lan-prozesu luze baten ondoren, argitara eman ahal izan da Arartekoaren 2/2021 Gomendio Orokorra, 2021eko maiatzaren 18koa: Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak.

Nazioartean, nabarmentzekoa da Arartekoak lortu duen ikusgarritasuna Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuan (IIO), Herriaren Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENO) eta Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENOC). Parte hartu du nazioarteko hainbat ekitalditan, ikerketa paralelo batzuetan eta sarearen erakunde-garapenean, hurrenez hurren; horrek erakusten du erakunde hau eginkizun aktiboa eta konstruktiboa betetzen ari dela nazioarte mailan.


HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

Berariaz haurren eta nerabeen presentzia edo tartean egotea adierazi duten kexei dagokienez, 2021ean, guztira 454 espediente izan dira, hau da, Arartekoan aurkeztutako kasu guztien %16,4. Gaiei dagokienez, umeen bizi-baldintza materialekin lotutako kontuak erreklamazioen ia erdietan azaldu dira (%47,4) eta ia hiru laurdenera iristen dira hezkuntza sistemari buruzkoak gehituz gero (%28). Eskola kirolari buruzko ohiko erreklamazioez gain, 2021ean jaso ditugun beste batzuetan azaldu zuten ez zeudela ados COVID-19aren testuinguruan kirol jarduerak antolatu eta garatzeko ezarritako oztopo handiekin edo jarduera horiek bertan behera utzi izanarekin.


Gasteiz, 2022ko martxoaren 29a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren interbentzioa 2022-03-29 Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2021 Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2021 - Haur eta Nerabeentzako bulegoaren txostena 2021. urteko txostenaren laburpena 2021eko estatistika: Ararteko erakundearen jarduera kopurutan