ARARTEKOAREN 2/2015 GOMENDIO OROKORRA, APIRILAREN 8KOA

POLITIKA PUBLIKOETAN ADINGABEAREN INTERES NAGUSIA KONTUAN HARTZEKO BETEBEHARRA; BEREZIKI, DIRU-SARRERAK BERMATZEKO SISTEMAN.

Haurrak dauzkaten eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazio ekonomikoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu dizkioten bizikidetza unitate askori eragiten dieten kexa asko izapidetzen ditu Ararteko erakundeak. Prestazioak ukatzeagatik, eteteagatik edota iraungitzeagatik abiarazten dira kexa gehienak.

Erabaki horiek haurrak euren zaintzapean dituzten familiei eragiteak asko kezkatzen du erakunde hau, haurren txirotasunari buruzko datuak kontuan hartzen baditugu, eta horrek haurren formakuntzan eta garapen pertsonalean ekartzen dituen ondorioei erreparatuta; bai eta errelebu soziala hartuko duen etorkizuneko belaunaldi gisa duen inpaktuagatik ere. Herri administrazioek, botere publikoek eta gizarteak oro har haurrei eta nerabeei ematen dieten arreta osasun demokratikoaren, gizarte kohesioaren eta gizartearen arreta bereziaren adierazlea da.

Gomendio orokor honetan, haurren egoeraren azterketa egingo dugu, eta Euskadin haurrek jasaten duten txirotasunari buruzko datuak bilduko ditugu; bai eta bermeen euskal sistemaren transferentzia sozialen eraginak txirotasun tasen murrizketan duen eraginari buruzko datuak ere. Ondoren, haurren txirotasunaren aurkako borroka nazionalaren politiken garapenerako europar markoa aipatuko dugu, baita haurren ongizaterako sustapena ere. Bereziki, Europar Batzordearen 2013ko gomendioa: "Haurrengan inbertitzea: desabantailen zikloa haustea". Aipatu aurrekarien ondoren, aplikatu beharreko marko juridikoari buruzko zenbait gogoeta luzatuko ditugu, eta zenbait gomendio zuzenduko dizkiogu Enplegu eta Gizarte Politika Sailari:

· Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eteteari eta iraungitzeari buruzko erabakietan, bizikidetza unitatean haurrak daudenean, adingabearen interes nagusia ebaluatu dadila, interes hori lehentasunezkotzat jo dadila, eta neurtu daitezela prestazioen onuradun diren bizikidetza unitatearen kideek (haurren gurasoek edo tutoreek nagusiki) betebeharren bat ez bete izanagatiko hausteak.

· Haurrak dauden bizikidetza unitateei eragingo dieten ebazpenetan, prestazioak etetea eta iraungitzea erabakitzen denean, haurraren eskubideetan eta garapenean edukiko dituen ondorioak azaldu eta justifika daitezela.

· Haurraren eskubideei edo garapenari eragin diezaieketen zailtasunak hautematen badira haurraren egoeran, udal gizarte zerbitzuak informa daitezela, jarduera sozio-hezitzailearen egokitasunari buruzko balorazioa egin dezaten.

Eskualdeko politikari eragiten diete gomendio horiek, sarreren bermeari adibidez; hau da, familien beharrizanen estaldurari emandako laguntzan eragin handia dutenei. Horregatik, familiei laguntzeko politiken hobekuntzari buruzko hausnarketa zabalago batetik aztertu beharko litzateke eremu horretan hartzen den edozein erabaki, Arartekoaren "Familiei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenak" txosten berezian landu den gaia izanik.


Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 20a


Lotutako dokumentazioa

Politika publikoetan adingabearen interes nagusia kontuan hartzeko betebeharra; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko sisteman