ARARTEKOAREN 2/2016 GOMENDIO OROKORRA, OTSAILAREN 16KOA.

ESKOLA KIROLAREN AURRREKO ADINETAN EGITEN DEN KIROLAK HEZKUNTZA -BALIOETAN OINARRITU BEHAR DU, EZ LEHIAKORTASUN BALIOETAN

Udalerrietan neska-mutilentzat antolatzen diren kirol jarduerek hezkuntza eta partaidetza balioetan oinarritu behar dute, ez lehiakortasun balioetan, eta hori betetzeko baldintzapean jarri behar da udalaren laguntza jasotzea

Zenbait bide erabiliz (norbanakoen kexak, gizarte- eta hezkuntza-erakundeekin egindako bilerak, adituekin egiaztatzea¿), kezka adierazi digute klub edota entrenatzaile batzuek duten portaeragatik eta jarreragatik, eskola-kirolaren aurreko adinetan neska-mutilek egiten duten kirolaren esparruan.

Zehazki, entrenamenduetan eta partidetan, protagonismoa ematen zaie adingabe batzuei beste batzuen kaltetan, lehia-errendimendu handiagoa edo apalagoa izateko irizpidea aintzat hartuta.

Arartekoak badaki klub eta entrenatzaile gehienek erabat egoki burutzen dutela neska-mutilen eta nerabeen kirol-jarduera zuzentzeko eginkizuna. Hala ere, hori beti hala izango dela ziurtatzeko, komenigarria iruditu zaigu tokiko administrazioei gomendio orokor bat egitea, gogoraraziz beraien herriko kirol-klubei laguntzak emango bazaizkie, haiek arlo horretako legezko xedapenak bete behar dituztela.

Horretarako, gure erkidegoko 12 udalerrik osatutako lagin baten informazioa bildu dugu. Udalerri horiek ez dira aukeratu berorietan horrelako arazoak antzeman direlako, baizik eta, gure ustez, adierazgarriak izan daitezkeelako, kontuan hartuta lurralde-banaketa, biztanleria eta egindako kirol-jarduera.

Udalerri horiek denak ados egon dira erakunde honek azaldutako arrazoibidearekin. Gainera, horietako batzuek egiaztatu dute oso zaila dela horrelako portaerei kasu askotan banakakoak heltzea. Prest daude gai horretaz hausnartzeko, horrelako portaera desegokiak eragozteko bideak bilatzeko eta, gertatzen badira, horiek antzemateko eta esku hartzeko bideak jartzeko.

6/2011 Gomendio orokorrean (Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuingurutan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna) jada adierazi genuen zer irizpidek nagusitu behar duten neska-mutilak kirol bat egiten hasten direnean.

EAEko kirola erregulatzen duen araudian ere agertzen da orientabide hori, eta emaitzen eta lehiakortasunaren gainetik lehenesten da.

Kirolaren Euskal Planak (2003-2007) honako hau zehazten du eskola-kirolaren helburu nagusitzat: "aukera eman behar dio haur kirolariari hezkuntza garapena osatzeko".

Bestalde, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko legeak hauxe ezartzen du: "Haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna lehenbiziko baliotzat sustatzea".

Horregatik, gomendio honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eskatzen diegu beraien udalerrietan neska-mutilentzat antolatzen dituzten kirol jardueretan, batez ere eskola-kirolaren programan sartutakoen aurreko adinetan, hezkuntza eta partaidetza irizpideetan oinarritu daitezela, eta ez lehiakortasun irizpideetan, eta, beharrezkoa bada, hori betetzeko baldintzapean jar dezatela udaletik jasotzen duten laguntza, bai instalazioak uzteko orduan, bai diru-laguntzak emateko edo sustatzeko orduan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 16a