ARARTEKOAREN 25. URTEMUGA

1989ko martxoaren 8an hasi zuen bere ibilbidea Ararteko erakundeak. 25 urte geroago, jada sendotutako erakunde honek pertsonekin duen konpromisoa berresten du, modu independentean, zorrotz eta eraginkortasunez lanean jarraitzeko giza eskubideen alde eta gizarte inklusibo baten alde. Gizarte horrek justizian oinarritu behar du, eta indarkeria, bereizkeria, desberdintasun eta bazterkeriatik libre egon.

1989ko martxoaren 8an hartu zuen Juan San Martinek Euskal Autonomia Erkidegoko lehen arartekoaren kargua. Ararteko erakundearen 25. urteurrena ospatzeko asmoz, zenbait ekitaldi burutuko dira aurten. Egiaz, aste honetan bertan jardunaldi bat egin da Euskal Herriko Auzitegi Nagusiarekin, irailean Espainiako Herriaren Defendatzailearen eta autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeen arteko Koordinazio Jardunaldiak egingo dira, eta urrian, berriz, Estatu Sozialari buruzko II. Jardunaldiak antolatuko dira, EHUrekin elkarlanean. Arartekoaren 25 urteak ospatzeko ekitaldia, egiaz, ekainaren 20an egingo da, Eusko Legebiltzarraren egoitzan.

Arartekoaren bulegoak martxoaren 8an ekin zion bere jardunari, emakumeen nazioarteko egunean. Kasualitate historiko horrek ezin hobeto sinbolizatzen du Arartekoak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duen konpromisoa. Horixe da helbururik garrantzitsuenetako bat giza eskubideak babesten dituen edozein erakunderentzat, baina azken hamarkadetan Euskadin aurrerapenak lortu badira ere, oraindik ez da berdintasun hori lortu. Izugarri kezkatzen gaituzte lanean, familia eta lana bateragarri egitean, toki publikoetan eta jaietan oraindik ere emakumeak diskriminatzen dituzten desberdintasun materialek, baita ere indarkeria matxistaren gaitzak ere, eraso egiten baitie emakumeen bizitzari eta emakumeen osotasun fisiko nahiz moralari. Horregatik, pertsonen eskubideak bermatzeko erakundea garenez, emakumeentzako erabateko berdintasuna lortzea eta ideia, balio eta portaera matxistak desagerraraztea helburu duten politika publikoak ikuskatzen eta bultzatzen jarraitu behar dugu.

Ararteko erakundea 28 lan-arlotan antolatuta dago, Haur eta Nerabeentzako Bulegoaz gain. Iaz herritarrei kasu egiteko 12.507 jarduera burutu ziren; horietatik 9.610 kexak izan ziren (%15 gehitu dira aurreko urtearen aldean, eta %120, berriz, 2010. urteaz geroztik). Urteotako lanaren ondorioz, Arartekoa herritarrek hurbil duten erakunde gisa sendotu da, eta gero eta herritar gehiago joaten dira erakundearen bulegoetara edo erabiltzen dute informatzeko eta aholkuak jasotzeko telefono-zerbitzua laguntza eskatzeko asmoz, beraien eskubide bat urratu dela edo behar bezala aintzat hartu ez dela iruditzen zaienean. Horrela, joan den urtean 8.189 herritar joan ziren Arartekoaren hiru bulegoetakoren batera eta 2.746 pertsonari egin zitzaien kasu telefonoz.

Arartekoaren ebazpenak eta gomendioak ez dira nahitaez bete beharrekoak herri administrazioentzat (munduan dauden ombudsman edo herriaren defendatzaile guztiekin gertatzen den bezala); hala ere, urte hauetan sinesgarritasun, eraginkortasun eta eragiteko ahalmen handia lortu dugu. Horren erakusgarritzat, iaz, guk egindako eskaeretatik %86,22 bete zituzten Eusko Jaurlaritzaren sailek, foru aldundiek eta Euskadiko udalek.

Ararteko erakundeak ahalegin itzela egin du urtez urte eraginkorragoa izateko, zerbitzuak egitean kalitate handiagoa eskaintzeko, gardenagoa izateko. Horri esker, oso indize altuak lortu ditu produktibitateari eta lanaren eraginkortasunari dagokienez.

Besteak beste, Zerbitzuen eta herritarrekiko konpromisoen karta onartu dugu eta dezente laburtu dugu erantzuteko denbora. Urtean behin, informatzeko aldizkari bat argitaratzen dugu (hori eskura dago ia administrazio guztietako jendeari kasu egiteko 300 gunetan baino gehiagotan) eta, hilean behin, aldizkari digital bat ateratzen dugu. Twitterren gaude (gutxi gorabehera 2.800 jarraitzaile ditugu gaur egun) eta etengabe berritzen eta eguneratzen ari garen web orria dugu (www.ararteko.net) (110.000 bisitatik gora 2013an). Gainera, gardentasunaren legea betetzeari aurrea hartu diogu eta gure webean argitaratu dugu gure jardueren, antolaketa eta funtzionamenduaren gaineko informazio guztia, baita aurrekontuaren kudeaketari dagokiona ere.

Egun seinalatu honetan, Arartekoak berretsi egin nahi du bere konpromisoa pertsonekin, euskal herritarrekin, gizarte-erakundeekin, legebiltzar talde guztiekin eta erakunde eta administrazio publiko guztiekin, modu independentean, alderdikeriarik gabe, su eta gar, zorroztasunez eta eraginkortasunez lanean jarraitzeko giza eskubideen alde, administrazio ona izateko printzipio-eskubidearen alde, gizarte inklusiboaren alde. Gizarte horrek gizarte-justizian eta gizarte-ekitatean oinarritu behar du, eta indarkeria, bereizkeria, desberdintasun eta bazterkeriatik libre egon.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 7a