ARARTEKOAREN 3/2013 GOMENDIO OROKORRA, OTSAILAREN 15EKOA

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak borondatearen kontrako ospitaleratze egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neurriak hartzeko beharra.

Bideratu ditugun zenbait kexa-espedientetan azaldu denez, interesduna berak nahi gabe barneratu zuten. Horregatik, Arartekoak ofiziozko espediente bat ireki zuen, Prozedura Zibilaren Legean (PZL) horrelako egoeretarako xedatuta dauden neurriak betetzen ote diren aztertzeko.

Kasu horietan guztietan, osasun-administrazioak ospitaleratzearen berri ematen zion epaitegi eskudunari, legez ezarritako hogeita lau orduko epean. Hala ere, hainbat kasutan antzeman genuen agintari judiziala atzeratu egiten zela neurria berresteko araututa dagoen hirurogeita hamabi orduko gehienezko epea betetzerakoan. Hori zela eta, gai hau organo eskudunei helarazi genien: Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiari eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Gobernu Salari. Bi erakundeok informatzeko izapideak hastea adostu zuten. Salak emandako informazioaren arabera, beharrezko neurriak hartu ziren legezko epeak kasu guztietan bete daitezen.

Orobat aztertu genuen ea horrelako egoeran dagoen pertsonak guztiz badakien zer eskubide dituen eta ea gure osasun-administrazioak ezagutze hori modu egokian ahalbidetzen zuen.

Aztertutako kasuek eta Osakidetzako Osasun Mentalaren Sareko profesionalekin egindako kontrastatze-lanak zalantzak sortu zizkigutenez gero, berriro adierazi behar izan dugu ezinbestekoa dela nahi gabeko ospitaleratzeari buruzko protokoloetan zenbait neurri sartzea, PZLren arabera pazienteek zer eskubide dituzten egiaz eta eraginkortasunez badakitela bermatzeko: epaitegiari jakinarazteko eta epaileak neurria berresteko dauden epeak; agintari judizialak interesduna entzuteko eta aztertzeko eskubidea; agintari judizialari beste norbait beraren aurrean ager dadin eskatu ahal izatea, baldin eta agintari horrek hura entzutea beharrezkoa iruditzen bazaio; prozesuan norbera bere ordezkariarekin eta defentsariarekin agertzea (abokatuaren laguntza izateko eskubidea); epaitegiak barneratzeari buruz hartzen duen erabakiaren kontra gora jotzeko helegitea jarri ahal izatea, e.a.

Hori lortzeko, Ararteko erakundeak neurri batzuk proposatzen ditu, adibidez, pazienteari informazioa emateko idazki bat eskura izatea eta bertan argi eta erraz azaltzea haren eskubideak; eta bide bat abiaraztea, neurriak eragindako pertsonari eskubide horiek irakurri dizkiotela eta haien edukia behar bezala ulertu duela idatziz jaso ahal izateko.

Orobat, pazientearen historia klinikoan dagoen informazioa eta nahi gabeko barneratzearen gainekoa eskuratzeari dagokionez, osasun-administrazioak hartutako murrizketa-neurriek behar bezala bermatu beharko lukete babestu egingo direla hain kontuzkoak diren datu horiek.

Etorkizunari begira, behar-beharrezkoa da Nahi Gabeko Barneratzeari buruzko Protokoloa betetzera bideratutako neurri gehiago hartzea, bereziki pazienteari informazioa ematearekin eta haren familia- eta gizarte-inguruarekin zerikusia duten alderdietan. Horretarako, nahitaez zabaldu behar da protokolo hori ospitaleratze psikiatrikoko unitateak dituzten EAEko ospitaleetako jardute klinikora, eta, beraz, horiek baliabidez hornitu eta profesionalak trebatu behar dituzte.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 22a


Lotutako dokumentazioa

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak borondatearen kontrako ospitaleratze egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neurriak hartzeko beharra.