ARARTEKOAREN 3/2015 GOMENDIO OROKORRA, APIRILAREN 20KOA

EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZA PUBLIKOAK LANGABEEI ERE EMAN DIEZAZKIETELA, LAGUNTZA HORIEK BERDINTASUN EGOERAN JASO AHAL IZANGO DIRELA BERMATUZ

Arartekoa egiaztatzen ari denez, euskarak gure gizartean duen komunikazio-, kultura- eta identitate-balioaz harago, hizkuntza hori jakitea gaikuntza-faktore osagarria da, gero eta gehiago. Horregatik, euskararen ikaskuntza langabeentzat ere sustatu beharra dago.

Gaikuntza hori ez du Lanbidek ematen, baizik eta EAEko tokian tokiko udalek, horiek kudeatzen baitituzte helburu horretara bideratutako laguntza publikoak; eta gertatzen da horretarako programarik ez dagoela udal guztietan, eta halakorik badutenetan ere, ez dela homogeneotasunik nabari.

Beraz, eragindako euskal herri-administrazioek, pertsonen enplegagarritasuna bultzatzeko neurriak abiarazteaz gain, hartzen dituzten neurri horietan herritarren berdintasuna errespetatu behar dute, edozein udalerritan bizi direla ere.

Horregatik, Arartekoak hauxe gomendatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari: elkarlanean aritu dadila tokiko administrazioarekin eta Lanbiderekin, euskara ikasteko laguntza publikoak sustatzeko eta langabeei ere emateko, laguntza horiek berdintasun egoeran jaso ahal izango direla bermatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 29a


Lotutako dokumentazioa

Euskara ikasteko laguntza publikoak hedatzea, langabetuek ere laguntza horiek baldintza berdinetan jaso ahal izateko