ARARTEKOAREN 3/2016 GOMENDIO OROKORRA, OTSAILAREN 25EKOA

BANAN-BANAN JAKINARAZI BEHAR DIRA ETXEBIZITZA BABESTUAREN ESKATZAILEEN ERREGISTROAN GERTATZEN DIREN BAJAK, HORIEK ERAGINA BAITUTE ETXEBIZITZA DUINA IZATEKO ETA GIZARTE-BAZTERKETAREN ARRISKUA PREBENITZEKO DIRU-LAGUNTZAK JASOTZEKO ESKUBIDE SUBJEKTIBOETAN

Etxebizitza behar duten pertsonei, oro har, Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea eskatzen zaie, alokairuko programa publikoetan sartuta dauden etxebizitza babestuak edo etxebizitza libreak eskuratu ahal izateko.

Azken urteotan, Ararteko erakundeak zenbait alditan adierazi du Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroaren jarduera hobetu behar dela, zehazki, izen-emateen ukapenak eta erregistroan baja emateko ebazpenak egiteko modua.

Herritarrek kexa asko azaldu dizkigute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako bermeekin banan-banako jakinarazpenik egin ez delako. Kexa horiek gure urteko txostenetan aipatu ditugu, hurrenez hurren.

Gaur egun, elkarrekin uztartuta daude bi eskubide subjektibo: etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) jasotzeko eskubidea (Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda). Hori dela eta, gomendio orokor hau egin dugu, bizilekurik gabe edota gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei eta familiei oinarrizko bi eskubide horietako edozein gauzatzea bidegabeki mugatu ez dakien.

Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eskatzen diogu:

· Banan-banan jakinaraz daitezela Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroan egiten diren inskripzio-ukapenak eta baja-ebazpenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.

· EPOa edo beste edozein diru-laguntza etetea erabaki eta, jarraian, oker jasotako prestazioak itzultzeko prozedurak hasi baino lehen, Lanbidek egiazta dezala ea behar bezala jakinarazi diren Etxebizitza Babestuaren eta Zuzkidura Bizitokiaren Eskatzaileen Erregistroko baja-ebazpenak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 29a