ARARTEKOAREN AZTERLANA, ZIGOR KODEA ALDATZEKO PROIEKTUAN BURUKO OSASUNAREN TRATAMENDUARI BURUZKOA

Azterlan horren bitartez, Ararteko erakundeak hausnarketa partekatu du buruko osasun, magistratura eta doktrina zientifikoaren alor profesionalekin batera, izan ere, azken horiek mahai gainean jarri dute proiektuak kontrako eraginak, berriz ere iraingarriak, izan ditzakeela buruko gaixotasun edo nahasmenduren bat pairatzen duten pertsonentzat.

Euren iritziz, proiektu hori onetsiz gero, atzerapausoak emango lirateke konstituzioaren bidez aitortu diren berme eta eskubideen babesaren eremuan. Berme horiek legearen segidako aldaketetan islatu dira (aldaketok funtsezko prozesu-izaera dute), bai zigor-eremuan, bai eremu zibilean.

Zigor Kodea aldatzeko proiektuan buruko osasunari eman zaion tratamenduak hauxe aldatu du: "egitatearen zuzenbide penala" "egilearen zuzenbide penal" bihurtu du.

Proiektu horretan buruko gaixotasuna arriskugarritasunarekin erlazionatu da eta horrek, iraingarria izateaz gain, ez dauka inolako oinarri enpirikorik.

Arriskugarritasuna ez da kontzeptu kliniko edo psikopatologiko bat. Ez dago oinarri zientifikorik buruko osasuneko profesionalek pertsona baten ustezko arriskugarritasuna ebaluatu dezaten.

Hala, Arartekoaren ustez, Zigor Kodearen proiektuak jaso dituen zenbait xedapenek atzerakada argia eragingo dute buruko gaixotasun bat pairatzen duten eta garrantzi penala duten ekintzak burutzen dituzten pertsonen eskubideen aitorpenaren eta bermatzearen eremuan:

- Askatasuna kentzeko zigorrak eta segurtasun-neurriak barne hartzen dituzten ezarpenen kasuan, bikario-sistemaren haustura.

- Barnealdi segurtasun-neurria segidan luzatzeko aukera, abstraktuan aplikagarria den zigorraren iraupenetik harago.

- Barnealdi-neurriaren gauzatzearen etetea baliogabetzen denean, zainpeko askatasunaren neurria modu automatikoan ezartzea eta etetea gertatzen den unean ezagutzen ez diren iraganeko inguruabarrengatik baliogabetzea burutzeko aukera.

Bestalde, azterlanean azpimarratu da herri-administrazioek esku-hartze soziosanitarioari lotutako sistema eraginkorra ezartzeko eginbeharra eta ardura daukatela, osasun arloko araudian xedatu diren buruko osasuneko arreta zerbitzuen sarearekin bat datorrena hain zuzen ere.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 21a


Lotutako dokumentazioa

ARARTEKOAREN IKERLANA, ZIGOR KODEA BERRITZEKO PROIEKTUAN BURUKO OSASUNAK DUEN TRATAMENDUARI BURUZKOA