ARARTEKOAREN EBAZPENA. HORREN BIDEZ, ERANTZUNA EMAN ZAIE EROSKIREN ETA FAGORREN MENDEKO FINANTZA-EKARPENAK MERKATURATZEARI BURUZKO KEXEI

Ebazpen honen bitartez, Arartekoak erantzuna eman die Eroski eta Fagor kooperatibek jaulkitako mendeko finantza-ekarpenez azaldu dizkioten kexa ugariei.

Arartekoak ez dauka eskumenik finantza-produktu horren merkaturatzea ikertzeko, baina, bere ustez, informazio eta aholku baliagarriak eman behar dizkie erakundera jo duten pertsonei, azaldutako arazoari konponbide zuzen eta eraginkorra bilatzen laguntzeko.

Horren haritik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio beharrezko baliabideak jar ditzala Kontsumobideren esku, horrek ahalik eta eperik laburrenean burutu dezan Eusko Legebiltzarrak eman dion lana, eta finantza-produktu horien harpidetza eragin zuen prozesua argitu dadin, bere garaian eman zen informazioa bezeroentzat behar bezain argia, zehatza eta ulerterraza izan ote zen ikertuz. Era berean, Kontsumoko Arbitraje Batzordeak beharrezko baliabideak izan beharko lituzke eskura, hala badagokio, arbitraje-bide orokor eta eraginkorra abiarazi ahal izateko.

Bestalde, Arartekoak Kontsumobiderekin aktiboki elkarlanean aritu daitezela eskatu behar die Eroski eta Fagor kooperatibei, baita mendeko ekarpenak merkaturatu dituzten finantza-erakundeei ere, eta interesdunek eskatzen dituzten bitartekotza eta arbitraje prozesuetan parte hartzea onar dezatela.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 14a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2013ko ekainaren 12ko ebazpena. Horren bidez erantzuna eman zaie Eroskiren eta Fagorren mendeko finantza-ekarpenak merkaturatzeari buruzko kexei.