Arartekoaren eta Andaluziako Herri Defendatzailearen arteko lankidetza hitzarmena, haurren eskubideak zabaldu eta sustatzeko

Mertxe Agúndez jarduneko arartekoak eta José Chamizo Andaluziako herri defendatzaileak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, Ararteko erakundeak doan uzten dio Andaluziako herri defendatzaileari "Nuestros Derechos/Gure Eskubideak" deritzen material didaktikoak erabiltzeko eskubidea, materialok argitaratu eta erreproduzitzeko, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak hedatu eta sustatzeko ekintzak gara daitezen.

Azken lau urteotan, Ararteko erakundeak urtero beka bat iragarri izan du, giza eskubideen aldeko heziketari buruzko materialak, eskolan erabiltzekoak, prestatu eta zabaltzeko asmoz.

Zergatik iragarri ditu beka horiek? Erakunde honi belaunaldi berriak demokraziaren bereizgarri diren baloreetan heztea ardura zaiolako, eta horretarako konpromisoa hartu duelako. Izan ere, demokraziaren oinarrietako bat giza eskubideetan heztea da, bakerako eta tolerantziarako heztea. Eskola-sistema ez da horretarako bide bakarra, baina bai haur eta gazteei balore horiek irakatsi eta bereganatzen lagun diezaiekeen eta lagundu behar dien tresnetako bat.

Hitzarmena eragin duen materialen karpetan, haurren berariazko eskubideak jorratzen dira batez ere, eta hezkuntza alorreko profesional talde handi batek egina da. Materialok egitura bereko 30 unitatetan antolatu dira, lan sistematikoa errazteko; ikasgelan zuzenean erabiltzeko diseinatu dira (jarduera laburrak, material osoak eta kopia daitezkeenak...), irakasleen lana erraztuko dutelakoan eta, halaber, familien partaidetza eragingo dutelakoan.

Material didaktiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan banatu dira.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urtarrilaren 22a