ARARTEKOAREN GOMENDIO BAT BETEZ, ERANDIOKO UDALAK OINEZKOENTZAT EZARRITAKO ARAUBIDEA BERMATUKO DU UDALERRI HORRETAKO KALE BATEAN

Erandioko Udalak Arartekoaren gomendio hau onartu du: berma ditzala Lubarri kalean ezarritako araubidea, Lubarri kalearekin bat egiten duen Meso kaleko espaloian eta oinezkoen pasagunean aparkatzeko debekua, Meso kaleko zati horretan salgaiak deskargatzeko debekua eta bi eremu horietako bide-segurtasuna.

Gomendio hori auzokide baten kexak eragin du. Izan ere, kexan azaldu zuenez, Lubarri kalean era guztietako ibilgailuak sartu eta aparkatzen zuten, baimenik gabe; garraiolariek sarritan espaloia eta oinezkoentzako pasagunea hartzen zituzten kale hori eta Meso kalea elkartzen diren gunean, salgaiak deskargatzeko; eta ibilgailuek azken kale horretako espaloian aparkatzen zuten.

Eremu horietan aparkatzea eta zirkulatzea oinezkoentzat segurtasun-arazoak sortzen ari zen, batez ere kale horretan ibili ohi diren neska-mutilentzat.

Arartekoaren gomendioa betez, udalak kale horretarako sarrera baimendua ahalbidetzen duen pibota konpondu du, ez baitzebilen eta horrek errazten baitzuen baimenik gabeko ibilgailuak sartzea. Era berean, landare-ontziak jarri ditu Meso kalean, bertako espaloian bidegabeki ez aparkatzeko.

Arartekoak udalari eskatu dio ikuska dezala ea eremu horietan trafiko-araudia betetzen den, eta hartutako neurrien bilakaera azter dezala.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 28a