ARARTEKOAREN GOMENDIO OROKORRA, DOAKO JUSTIZIA ESKATZEN DUTEN PERTSONEN ZERGA DATUAK ESKURATZEKO AUKERARI BURUZKOA

Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuak eta Doako Laguntza Juridikoaren Probintzia Batzordeak doako justizia baliatzea eskatzen duten pertsonen zerga datuak eskuratzeko aukerari buruzko gomendio orokorraren bitartez, Arartekoak hiru Foru Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari eskatzen die neurriak har ditzaten eta beharrezko lankidetza-hitzarmenak sina ditzaten Orientazio Juridikoko Zerbitzuek eta Doako Laguntza Juridikoaren Probintzia Batzordeek beharrezko zerga informazioa izan dezaten doako justizia erregulatzen duen araudiak esleitzen dizkien funtzioak aurrera eramateko. Datu pertsonalak babesten dituen lege organikoari jarraiki, informazioa ondorio horietarako bakarrik eman beharko da eta, edozelan ere, aurretik eskatzailearen berariazko baimena izanda.

Krisi ekonomikoaren testuinguruan, herritarrak ordezkatzen dituen Doako Justiziaren eskaerak nabarmen handitu dira eta horiei erantzuna emateko baliabideak, aldiz, gutxitu egin dira. Bi faktoreen emaitza gisa, azken hilabeteetan ugaritu egin da eskubide hori baliatu eta izapidetzeko atzerapena agerian jartzeko Arartekora jotzen duen pertsona kopurua, baita aurkeztu beharreko agiri guztiak osatu arte epaitegira hainbat alditan joateak dakartzan eragozpenak eta denbora galera ere.

Horrek guztiak botere publikoek egoera berri honi erantzuna emateko lankidetzan aritu behar dutela aditzera ematen du. Egitekoa ezinbestekoa da, hala egiten ez bada, gizarte kohesioari dagokionez halako garrantzia duen zerbitzu bat arriskuan egon baitaiteke: hain zuzen, herritar guztiek epaitegien aurrean defendatzeko duten haien eskubidea bermatzea, ahalmen ekonomikoa alde batera utzita.

Foru Ogasunek ildo horretan oso egiteko garrantzitsua burutzen dute, haien ziurtagirien bidez egiaztatzen baitute eskatzaileek, gehienek, ondarearen, garatutako jarduera ekonomikoen eta jasotako errentaren arloan eskatzen zaizkien baldintzak betetzen dituztela. Eta, horretarako, egun pertsona horiek aipatu ziurtagiriak lortu behar dituzte eta haiekin eraman eta, ondorioz, administrazioaren esku dauden datuak egiaztatzeko kasuan kasuko bulegoetara hainbat alditan joan behar dira. Hori ez litzateke beharrezkoa izango Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuak eta kasuan kasuko lurralde historikoko Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak datu horiek zuzenean eskuratzeko aukera izango balute, betiere, aurretik titularraren baimena izanda.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 12a


Lotutako dokumentazioa

Abokatu elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek eta doako laguntza juridikoko lurralde batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izatea