Arartekoaren gomendioa betez, Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitate-irakaskuntza guztietara zabalduko du Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegiaren aplikazio-eremua

EHUk Arartekoari jakinarazi dio araudia aldatzeko barne-prozedura batzuk bete behar dituztenez gero, laster Gobernu Kontseiluari erreforma proposamen bat egiteko asmoa duela, hark onar dezan. Hala gertatuko balitz, 2023-2024 ikasturtean jarriko litzateke indarrean
 

Arartekoaren ebazpenak EHUko ikasle baten kexa-idazkia du jatorrian. Ikasle horrek %82ko desgaitasun fisikoa duenez gero, hezkuntza-laguntzako teknikari bat behar du bere unibertsitate-ikasketak gainontzeko ikasleek bezala egin ahal izateko.

Interesdunak azaldu zuen hezkuntza-laguntzako teknikaria izan zuela Gizarte Laneko Gradua egin zuen lau urteetan, eta Gizarte Zerbitzuen Kudeaketa eta Berrikuntzako masterra ikasteko berriro laguntza hori eskatu ondoren, eskaera ezetsi egin zutela, Hezkuntza-premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegian ezarritakoaren arabera.

Ezesteko ebazpenean adierazi zenez, laguntza hura graduondoko titulu jakin baterako eskatu zen, eta titulu hori berezkoa denez gero, arautegi horretan ezarritakoaren arabera, ez zegokion hezkuntza-laguntzako teknikaririk, ez baita titulu ofiziala. 

Arartekoak laguntza eskatu zion EHUri eta hark txosten bat bidali zion, non, besteak beste, honako hau jakinarazi zuen: “El derecho a solicitar a la UPV/EHU la dotación de recursos a los estudiantes con discapacidad y/o necesidades educativas especiales está, como el ejercicio de cualquier derecho, sometido a límites”.

Unibertsitateak hauxe gaineratu zuen: “El reconocimiento del derecho a los y las estudiantes con discapacidad y/o necesidades educativas especiales matriculados en titulaciones propias de la UPV/EHU a disponer de medios, apoyos y recursos no solo comprometería seriamente la sostenibilidad del actual sistema de atención y apoyo a las personas con discapacidad y/o necesidades educativas especiales, sino que además haría inviables la continuidad del propio sistema de Enseñanzas Propias”.

Hala ere, Arartekoaren ustez, eskatutako laguntza ez emateak ikasle horri galarazi egiten dio ikasi duen titulazioarekin (Gizarte Laneko Gradua) lotuta EHUk ematen duen espezializazio bakarra ikastea. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aukerak bermatzeko indarreko arautegian ezarritakoaren arabera, ikasle horrek behar duen laguntza ukatzea desgaitasunagatik diskriminatzeko modu bat da.

Horregatik, Arartekoak EHUri gomendatu zion unibertsitate-irakaskuntza guztietara zabal dezala Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegiaren aplikazio-eremua, izan ere, horrela bermatu egingo litzateke desgaitasuna duten ikasleek ikasketa horiek berdintasun-egoeran egitea.

Arartekoak eskertzen du EHUren lankidetza eta araudi hori ahalik eta azkarren aldatzeko hartu duen erabakia.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 19a