Arartekoaren gomendioa betez, EUSTAT-ek biztanle etorkinei buruzko datuen fitxategietatik kendu du adingabe adoptatu bat

Pertsona batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen jarduerarekin, izan ere, bere seme adoptatua Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarren fitxategi batean sartu zuen.

Kexagilearen esanean, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak gutun bat bidali zion bere semeari (adingabe adoptatua bera, espainiar nazionalitatea duena), inkesta bat egiteko. Adingabe hori Gasteizen jaioa dela adierazten da herritarren udal erroldako ziurtagirian eta familia liburuan.

Kontuan izan behar da adoptatuen egoera eta beren inguruabarrak bereziak direla eta gerta litekeela adingabeak oraindik bere jatorriaren berri ez izatea; horregatik, oso kontuzkoa da erabiltzen den informazioa.

Sail horrek azaldutakoaren arabera, inkesta egiteko estatistika-operazioaren lagina EUSTATek ematen du, eta lagin hori udalaren zentsu eta erroldetan oinarritzen da. Gainera, jakinarazi zigunez, ezin daitezke udal erregistroetatik kendu "las situaciones de adopción internacional y la de los españoles de origen (primera nacionalidad)". Horregatik, aukera bakarra inkestarik ez betetzea zen, jasotako idazkian adierazi zen bezala.

EUSTATek bere akatsa onartu zuen, eta, beraz, inkesta betetzeko betebeharretik libre utzi zuen adingabe hori. Hala ere, interesdunak esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, bada, bere ustez, bere semea ez da inolaz ere etorkina eta haren izen-abizenak ezabatu egin behar dituzte EAEn bizi diren etorkinei buruzko fitxategietatik.

Kontu horiek denak aztertu eta EUSTATi nahiz Gasteizko Udalari informazioa eskatu eta gero, Arartekoak Euskal Estatistika Erakundeari gomendatu zion EAEko biztanle etorkinen fitxategi guztietatik kanpo utz zezala adingabe hori, jatorriz Gasteizen jaiotako pertsona gisa agertzen delako Erregistro Zibilean.

EUSTATek akatsaren berri izan bezain laster, inkestako laginen diseinurako erabili zen fitxategitik kendu zuen kaltetutako adingabea.


Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Horren bidez, EUSTATi gomendatu zaio beharrezko neurriak har ditzan dagokion Erregistro Zibilean jatorrian EAEn jaiotako herritar gisa inskribatutako adingabe adoptatua atzerriko pertsona immigranteei buruzko datu pertsonalen fitxategietatik kentzeko.