Arartekoaren gomendioari jarraikiz, Lemoizko Udalak berariaz eta arrazoi bidez erantzungo dio hirigintza arloko salaketa bati

Pertsona batek Arartekora jo zuen, izan ere, Lemoizko Udalak ez zion erantzun nekazaritza-nabe bat handitzeko lanengatik eta hirigintza-erabilerengatik berak jarritako salaketa bati. Zehazki, adierazi zuen eraikin horren kokalekua honela sailkatuta dagoela: balio estrategiko handiko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako kategoria duen lurzoru urbanizaezina.

Kexa aztertu ostean, Arartekoak Lemoizko Udalari gogorarazi zion ofizioz izapidetu eta bultzatu behar dituela, kasu bakoitzean aurreikusitako bermeekin eta epeen barruan, salaketari buruz bere esku utzi diren hirigintza ikuskatzeko ahalak gauzatzeko prozedurak, eta interesdunei jakinarazi behar dizkiela ikuskapenaren ondoriozko jarduerak.

Lemoizko Udalak bere erantzunean onartu du gauzatu beharra daukala hirigintza-legezkotasuna ikuskatzeko duen ahala.

Horrela, adierazi duenez, bulego teknikora bidaliko du espediente hori, ikuskatzeko bisita egin eta txosten bat prestatzeko, argi eta arrazoi bidez erantzun diezaieten azaldutako gai guztiei. Orobat, txosten teknikotik hala eratorriko balitz, hirigintza-legezkotasuna lehengoratzeko eta zigortzeko espedienteak izapidetuko lituzkeela hitzeman du. Azkenik, kexagileari unean-unean egiten diren jarduera guztien berri emango diola jakinarazi du.

Udalaren erantzun horretan oinarrituta (gomendioa onartzen duela dio), Arartekoak kexa honen tramitazioa etetea erabaki du.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 9a