Arartekoaren hitzaldia: Aniztasun afektibo-sexuala eskolan

EHUren Uda Ikastaroaren barruan, Iñigo Lamarca arartekoak honako izenburuko hitzaldia emango du bihar, asteazkena, Donostian: "Aniztasun afektibo-sexuala eskolan. Rainbow Europako proiektua".

Hitzaldi hori "Hezkuntza afektibo-sexuala nerabezaroan, bizitzarako gaitasunak" deritzan ikastaroaren barruan txertatuta dago. Ikastaroa Javier Gómez Zapian Psikologia Fakultateko irakasleak zuzentzen du.

Mintzaldian, Ararteko erakundea Rainbow Europako proiektua koordinatzen egiten ari den lana azalduko du Lamarcak. Proiektu hori Europako Batzordearen Justizia Zuzendaritzaren Oinarrizko Eskubideen Agentziak finantzatu eta babesten du. Europako zortzi herrialdetako hamahiru erakunde parte hartzen ari dira proiektuan, eta eskolaren eremuan sare egonkorrak sortu nahi dituzte hezkuntza-administrazioaren, guraso elkarteen, familia homoparentalen nahiz neska-mutil homosexual eta transexualen guraso elkarteen eta irakasleen sindikatuen artean. Helburu hau lortu nahi dute: oinarrizko eskubideak, segurtasuna eta nortasuna aske garatu ahal izatea bermatzea haur eta nerabe lesbiana, gay, bisexual eta transexualei, baita familia homoparentalen seme-alabei ere.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 24a