ARARTEKOAREN JAKINARAZPENA, ITUNPEKO EUSKAL SAREKO IKASTETXEEI ERAGITEN DIEN GATAZKA DELA ETA

Itunpeko euskal sarean bizi den gatazka dela medio, Arartekoak zenbait bilera egin ditu familien ordezkariekin. Familia horiek erakunde honi adierazi nahi izan diote oso kezkatuta daudela gatazka horrek beren seme-alabentzat ekar ditzakeen ondorioengatik, greba-deialdiak behin eta berriz egiten ari direlako.

Bestalde, itunpeko irakaskuntzako irakasleek beren lan-baldintzak defendatzeko eskubidea dute, eta Arartekoa ohartzen da eskubide hori legitimoki baliatzeak ezin duela edukirik gabe utzi sare horretako ikasleen hezkuntzarako eskubidea. Horregatik, erakunde honek bere eskumenen esparruan jarduteko zeuzkan aukerak aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Konpromiso horrek bultzatuta, Ararteko erakundea harremanetan egon da Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailarekin eta Lan Harremanen Kontseiluarekin, bitartekotza-lanak egin ote daitezkeen aztertzeko, itunpeko euskal sareko ikastetxeei eragiten dien gatazka luze horri amaiera ematen laguntzeko. Harreman horietan egiaztatu da erakunde horiek esku hartzeko guztiz prest daudela. Hala ere, gatazkan nahastutako aldeek eskatu behar dute, ez beste inork, indarreko araudiak eskaintzen dituen bitartekotza-zerbitzuen esku-hartzea. Arartekoak egiaztatu duenez, aldeetako bakar batek ere ez du eskatu esku-hartze hori.

Beraz, behin puntu honetara iritsita, erakunde honi komenigarria iruditu zaio bi gauza eskatzea. Lehena, beharrezkoa izanez gero, gutxienezko zerbitzu egokiak ezartzeko ahaleginak egin daitezela; eta, bigarrena, negoziazio kolektiborako eskubidea eta aldeen burujabetasuna guztiz errespetatuz, elkar ulertzeko ahalegina egin dadila eta, zehazkiago, gatazkan nahastuta dauden aldeek azter dezatela ea erabil daitezkeen Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluak edo Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak berak dauzkaten bitartekotza-tresnak, konponbide egokia bilatzeko asmoz.

Bilbo, 2019ko martxoaren 11