ARARTEKOAREN OFIZIOZKO JARDUERA, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN ARLOKO GASTEIZKO EPAITEGIA LEKUZ ALDATZEAK BIKTIMENTZAT SOR LITZAKEEN SEGURTASUN ARAZOAK DIRELA ETA

Arartekoak jakin duenez, Gasteizko Justizia jauregiko langileen ordezkariek jendaurreko adierazpenak egin dituzte berriki, lan egiten duten epaitegiko bulegoak berriztatzearen gainean. Zehazki, aipatu dute genero-indarkeriaren biktimek eta erasotzaileek sarbide eta bulego berberak erabili beharko lituzketela, antza.

Hala balitz, tentsio eta arrisku egoerak sor litezke biktimaren eta erasotzailearen artean, eta hori emakumeen segurtasunarekin bateraezina izango litzateke, emakumeek babesa eta inguru segurua behar baitituzte erasoak pairatu ondoren.

Bestalde, betiere adierazpen horien arabera, berriztatzearen ondorioz, biktimentzako areto berriak 9 metro koadro besterik ez lituzke izango. Horrek arazoak sortuko lituzke, bada toki horretan hartu behar dituzte ez bakarrik biktima, baizik eta baita haren laguntzaileak ere, askotan adingabeak.

Hain zuzen ere, familientzako elkarguneak berriztatu egin dira azken urteotan, haietan zainduta eta bereizita dauden bi ateko sistema jartzeko, horrelako gatazkarik sor ez dadin.

Era berean, langileen ordezkariek adierazi dutenez, tentsio-egoera horiek kudeatu ahal izateko, psikologian berariazko trebakuntza jaso beharko lukete, baina orain ez zaie halakorik ematen.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailari eskatu dio egintza horiek kontrasta ditzala eta azaldutako arazoaren berri eman diezaiola, baita horren gainean hartuko dituen neurrien berri ere, halakorik egiten badu.

Justizia Sailburuordetzak dagoeneko jakinarazi dio Arartekoari laguntzeko prest dagoela, biktimak artatzeko baldintza egokiak berma daitezen. Edonola ere, adierazi du horixe dela, hain zuzen, lan horien helburua.

Vitoria-Gasteiz 2018ko martxoaren 11