ARARTEKOAREN URTE BERRIA

Arartekoa, Ombudsman ereduaren arabera sortutako erakundea da. Bere eginkizuna euskal administrazio publikoen jardunak zuzenak direla zaintzea da eta, hala, bertako herritarrek kontu horren inguruan aurkezten dituzten kexak izapidetu eta aztertzen ditu. Era berean, txosten ezohizko edo monografikoen bidez, pertsonak beren eskubideez baliatzeko prozesuan eragina duten politika publikoen edukia ebaluatzen du, horiek antzemandako gabeziei erantzun diezaieten, egoera ahulenean edo beharrean dauden pertsonei lagun diezaieten eta, nolanahi ere, etengabe hobetzen joan daitezen, giza eskubideak are gehiago eta hobeto babesteko bidean aurrera egitearren, horixe baita demokrazien funtsezko euskarria.

Kasu guztietan, Ararteko erakundeak, gainerako herriaren defentsa-erakundeek edo ombudsmanek bezala, gomendioak egiten dizkie administrazio eskudunei. Jakina denez, ebazpen horiek ez dira derrigor bete beharrekoak edo hertsatzaileak (horrek baditu funtsezko arrazoiak) eta, horregatik, oso ondo argudiatua eta ordenamendu juridikoan bildutako arau, printzipio eta eskubideei jarraiki arrazoituta egon behar dute haiek. Poz handiz esan dezaket gure lanaren eraginkortasun maila oso handia dela, Eusko Legebiltzarrari ¿bere goi komisarioa garen heinean¿ gure jardueren berri emateko urtez urte, martxoan, helarazten diogun ohiko txostenak erakusten duen moduan. Bestela esanda, gure ustez zuzen jokatu ez duela adierazteko administrazio eskudunari bidaltzen dizkiogun eskaeretatik % 90i baino gehiagori erantzuten zaie. Ezohizko txostenetan egiten ditugun gomendioen kasuan, eraginkortasuna beranduago ikusten da edo zeharkakoa da, helburu dituzten politika publikoek denbora behar baitute aipatu gomendioen arabera egokitu, hobetu eta osatzeko.

Defentsa-erakundeen eraginkortasun maila, hain zuzen ere, joan den urtean, urriaren erdialdera, Bartzelonan izan ziren Espainiako Herri Defendatzaileen arteko urteroko koordinazio jardunaldietan aztertu zen sakon. Gure izaera ikusita, defentsa-erakundeok oso zorrotzak izan behar dugu geure buruarekin eta, beraz, baita autokritikoak ere. Ondorioz, gure lanaren eraginkortasun maila handia dela egiaztatu arren, norberaren lanarekiko pozaz haraindi, zenbait konpromiso geureganatu genituen eskaintzen dugun zerbitzu publikoa hobetu eta, azken batean, pertsonen eskubideen berme sistema hobetzen laguntzeko asmoz.

Erakunde honetako buru naizenetik, ararteko naizen heinean (izen berarekin definitzen dira bai organoa bai Legebiltzarrak erakundeko arduradun izateko aukeratutako pertsona), zenbait helburu ezarri dizkiot neure buruari eta, pixkanaka, badoaz betetzen: Ararteko erakundeaz dagoen ezagutza hobetzea, euskal biztanle guztiek zehatz-mehatz jakin dezaten zertan eta noiz lagun diezaiekegun; erakundearen funtzionamendua eta eskaintzen ditugun zerbitzuak modernizatzea eta horien kalitatea hobetzea; sinesgarritasun eta auctoritas handiagoa izatea, horretan baitago gure limurtzeko ahalmena. Azken batean, Ararteko erakundea XXI. mendeko eta XXI. menderako ombudsman izatea nahi da. Horixe izan zen 2006an antolatu genuen udako ikastaroko gaia.

Jarraian, hasi berri dugun urterako aurreikusi ditugun jardunak azalduko ditut modu eskematikoan. Gure ekimenez hasitako jardunak dira. Horiek gure lan nagusia osatzen dute, hau da, biztanleek aurkezten dizkiguten kexak bideratzea.

Ararteko erakundearen berri emateari eta horrek gizartean duen proiekzioari dagokionez, aipatu beharrekoa da bulego publiko guztietan informazio guneak jarriko ditugula, azalpen materialekin. Era berean, marka-irudi berria sortuko dugu, baita gure produktu eta argitalpenen aurkezpen eta diseinu berria ere. Horien bidez, erakundea modernizatu egingo da eta biztanleekiko hurbilagoa, goxoagoa eta transmititzeko ahalmen handiagokoa izango da. Hirugarren, azpimarratu nahi dut web gune berria abiaraziko dugula, egungoa goitik behera aldatuko duena. Eduki gehiago izango ditu eta, horrela, jendearekiko elkarreragina ahalbidetuko da eta erakargarriagoa eta erabilgarriagoa izango da. Azkenik, nabarmen hobetuko dugu, Legebiltzarrari aurkeztu ohi diogun txostenean oinarrituta, urteko jardun eta jarduera azpimarragarrienak biltzen dituen urteko aldizkaria. Aldizkaria informazio erabilgarria eta entretenigarria emango duen tresna izatea nahi genuke eta, horren bidez, biztanleek erakundea eta bere lana errazago ezagutzea.

Urtean zehar, ondorengo gai hauei buruzko txosten monografikoak edo ezohizkoak argitaratzen joango gara: eremu soziosanitarioa; gizarteko esku-hartzean diharduten erakundeek ¿nagusiki, GKE¿ osatuta dagoen ¿hirugarren sektorea¿ delakoan lan egiten duten pertsonen egoera; erakundeek terrorismoaren biktimei ematen dieten erantzuna; adingabeek alkohola eta drogak kontsumitzea; giza eskubideekin erlazionatutako balioak eta horiek haur eta nerabeei transmititzeko modua. Halaber, beste txosten batzuk ere landuko dira eta horiek hurrengo urtean argitaratuko dira. Aipatu txostenen artean, honakoei buruzkoak daude: transexualen gizarte errealitatea eta oinarrizko gizarte zerbitzuak.

Orobat, Ararteko erakundeak sustatu eta finantzatutako ikerketa-bekak aurkeztuko dira (une honetan amaitzear daudenak emakume lesbianen ikusgarritasunari, adinekoei eragindako tratu txarrei eta atxilotuen inkomunikazioari buruzkoak dira) eta urteko bi beken deialdia egingo da. Hausnarketarako gizarte foroak antolatuko dira, ondorengo gaien inguruan: estatu soziala; buruko nahastea edo gaixotasuna duten pertsonak (UPV-EHUren udako ikastaroen baitan); eta tortura eta tratu txarrak. Lehen aldiz, Ararteko sariaren deialdia egingo da, giza eskubideekin erlazionatutako lanik onena saritzeko. Eskolei eta adingabeei zuzendutako materialak kaleratuko dira giza eskubideei oro har eta, zehazki, Interneten erabilerari buruz. Halaber, giza eskubideak hainbat eremutan (adinekoak, teknologia berrien erabiltzaileak, etab.) ezagutarazi eta zabal daitezela sustatu nahi da.

GKEkiko bilerak, txostenak, ofiziozko kexak, ikuskapen bisitak, gomendioak eta abar eginda jarraituko dugu gogor lanean, ahulezia, arriskua, ezegonkortasuna, oztopoak edo gizarte aurreiritziak egotearen ondorioz, politika publiko eraginkorrak eta ziztatzaileak behar dituzten kolektibo edo errealitateekin erlazionatutako hamaika arlotan: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; adinekoak; adingabeak; ezgaitasunen bat duten pertsonak; etorkinak; indarkeria terroristaren biktimak; lesbianak, gay-ak eta transexualak; gaixotasun kronikoren bat edo buruko nahastea edo gaixotasuna duten pertsonak; gizarte bazterkeriako egoera larrian eta ¿etxerik gabe¿ dauden pertsonak; espetxean dauden pertsonak; eta ijito herria eta beste gutxiengo kultural batzuk.

Urtero bezala, aurtengoa ere urte erakargarria eta frenetikoa izango dugu Ararteko erakundean. Helburua bete ahal izatea eta, bereziki, zerbitzu ona eskaini eta lan ona egitea espero dugu. Ildo horretatik, biztanle guztiei eskatu nahi nieke kritikoak eta zorrotzak izan daitezela euskal Ombudsmanarekin eta beren iritzi, proposamen eta kexak helaraz diezazkiotela, egunez egun hobetzen joan gaitezen.


Iñigo Lamarca Iturbe
Arartekoa