Arartekok bere atsekabea erakusten du Manchesterren egindako atentatuagatik, eta elkartasuna adierazten die biktimei eta familiei

Manuel Lezertua arartekoak irmoki gaitzesten du eta bere nahigabea erakusten du bart Manchester Arenaren kanpoaldean egin zen erasoagatik. Biktima ugari eragin zituen, haietatik asko gazteak, eta izua piztu zuen Ingalaterrako hiri horretan.

Une latz hauetan, arartekoak bere samina eta hurbiltasuna partekatu nahi ditu biktimekin, haien senideekin eta britainiar gizartearekin, oro har.

Gainera, nabarmendu du gizarte demokratikoaren nagusitasun moralari eutsi behar zaiola, oinarrizko eskubideak zeharo gutxietsiz dihardutenen bidegabekeriaren kontra.

Eredu demokratikoaren azpian dauden balio eta printzipioekiko konpromisoa bultzatzea aldezten du, hala nola bizitza eta askatasuna errespetatzea, tolerantzia eta giza eskubideak babestea, terroristek lortu nahi duten izuari aurre egiteko modu bakartzat.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 23a