Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteak (ASEANek) onartu egin du Giza Eskubideen gaineko bere Adierazpen eztabaidatua

Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteak (ASEANek, ingelesezko siglen arabera) azaroaren 18an onartu zuen Giza Eskubideen gaineko Adierazpena, taldeko Estatuburuen eta Gobernuburuen XXXI. Biltzarraren lehen egunean, Phnom Penh-en (Kanbodia).

Adierazpena aho batez onartu zuten nazioarteko erakunde hori osatzen duten 10 herrialdeetako buruzagiek. Erakundea 1967. urtean sortu zen eta honako 10 estatu hauek osatzen dute: Vietnam, Laos, Brunei, Kanbodia, Singapur, Myanmar, Indonesia, Filipinak, Malasia eta Tailandia.

Adierazpen horri kritikak egin dizkiote baterako adierazpen batean gizarte zibileko hamabost erakundek, uste baitute adierazpen hori ez dela iristen giza eskubideen nazioarteko estandarretara. Erakunde horiek beldur dira horren klausuletako batzuk ez ote diren erabiliko "ASEANeko gobernuen jurisdikziopean bizi diren pertsonen kontra giza eskubideak urratzeko aitzakia gisa". Era berean, salatu dute hainbat eskubide ez direla agertzen, besteak beste, elkartzeko askatasuna izateko eskubidea eta behartutako desagertzeak ez jasateko eskubidea.

Orobat, Navi Pillay Nazio Batuen Giza Eskubideetako goi ordezkariak aditzera eman ditu gai horretaz kezkatzeko dituen arrazoiak: "Beste eskualde batzuek erakutsi dute giza eskubideen eskualde- sistemek bilakaera izan dezaketela eta hobetu egin daitezkeela denbora igaro ahala, eta ziur nago gauza bera gertatuko dela ASEANekin". Pillayk hauxe gaineratu du: "ezinbestekoa da ASEANek ziurta dezan giza eskubideen nazioarteko estandarrekin bat ez datozen adierazpenak ez direla izango giza eskubideen eskualdeko hitzarmen lotesle baten zati".