Askatasunik gabe dauden pertsonek ikasteko eta azterketak egiteko dituzten arazoak direla-eta, Arartekoak bere kezka agertu du

Azken aldi honetan, askatasunik gabeko pertsonek nekez jaso ditzakete material didaktikoak, edo azterketa ez egiteko arriskuan daude, eta, beraz, ikasturtea galtzeko arriskuan, matrikulatuak egon arren. Horregatik, Arartekoak zenbait kexa jaso ditu.

Egiaz, hori gertatzen ari da, nahiz eta oraindik ez diren indarrean jarri legean aurreikusitako aldaketak, eta aldaketok eragina izan dezaketen pertsona horien hezkuntzarako eskubidea gauzatzean, adibidez, euskara edo UNEDek eskaintzen ez dituen karrerak ikastean.

Kexa horiek kontuan izanik, eta eskuratutako datuak aztertu ondoren, Arartekoak bere kezka agertu du -pertsona horiek beren hezkuntza-eskubidea gauzatzeko trabak aurkitzen ari baitira-, eta Espainiako Defensor del Pueblo-ri bidali dizkio kexak, hark baitu eskumena gai horretan.

Kexagileek emandako datuen arabera, ikasturte honetan, unibertsitatean matrikulatuta daude zenbait deliturengatik presoaldi prebentiboan edo zigortuan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko 400 pertsona baino gehiago: horietatik 301 EHUn, bat Deustuko Unibertsitatean, beste bat Arrasateko Unibertsitatean, eta 107, berriz, 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probetan. Gainera, beste hamar pertsona irakaskuntza ertainetan edo hizkuntza eskola ofizialetan matrikulatuak daude.

Ikasturte hau iritsi arte, ikasketa horiek aurrera ateratzeko beharrezkoak diren jarduera gehienak (material didaktikoak bidaltzea, jarraipena edo tutoretza, azterketak,...) EHUk eta UNEDek Bergaran duen zentro elkartuak sinaturiko lankidetza-hitzarmen bati esker bideratzen ziren.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 27a