Azaroaren 20a: Haurren Eguna mundu osoan

Bihar, azaroak 20, Haurren Eguna ospatzen da mundu osoan, Nazio Batuen Batzorde Nagusiak 1956an hori ezarri ondoren. Gainera, Nazio Batuek 1989an onartu zuten Haurren Eskubideen Hitzarmenaren XV. urteurrena ospatzen da aurten.

Ararteko erakundeak, herritar ororen eta batez ere talderik ahulenen eskubideak babesten dituenez gero, arreta berezia eskaintzen die haurrei eta nerabeei, baita horiek giza eskubideekin duten konpromisoari ere.

Horretarako, irakasleei laguntzeko asmoz, egunotan ikastetxe guztietara bidaltzen ari den material batzuk argitaratu ditu:

  • Kartel oroigarri bat, "Denok desberdinak. Denok errespetagarriak" lemarekin, ikastetxeetan jar dadin.
  • Egutegiak, ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko.
  • "Gure eskubideak - Nuestros derechos" izeneko lehiaketan aurkeztutako eskola-lanetako batzuk biltzen dituen argitalpena. Lehiaketa hori joan den ikasturtean iragarri zuen Ararteko erakundeak.
  • Emakumeen eskubideei buruzko material didaktikoen CD bat, "Sortuz - Generando" izenburuarekin.

Iñigo Lamarca arartekoak espero du ekimen horiek "lagungarri izatea adingabeek giza eskubideak hobeto ezagut ditzaten eta horien alde modu eraginkorrean parte har dezaten". Gainera, espero du "haurrei eta nerabeei zenbait balore bereganatzen laguntzea (elkarrekiko begirunea, aniztasunarekiko eta ezberdintasunarekiko begirunea) eta, beraz, jazarpena, bereizkeria eta indarkeria eskolatik desagerraraztea". Azkenik, Iñigo Lamarcak uste du aipatutako ekimenak "baliagarriak izango direla gizartea sentiberago bihurtzeko, egoera txarrenean bizi diren pertsonen beharrei dagokienez, eta giza eskubideak babesten modu eraginkorrean parte hartuko duen gizarte baterantz aurrera egiteko".


Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 20a