AZTERLANA: INKOMUNIKATUTAKO ATXILOKETAREN EREMUKO BERME SISTEMARI BURUZKO AZTERLANA ETA HOBEKUNTZA PROPOSAMENAK

Arartekoak hainbat kexa jaso ditu eta oraindik ere jasotzen ditu inkomunikazio araubidea ezarri zitzaien atxilotuei ustez tratu txarrak emateaz eta haiek torturatzeaz. Horiek denak deusezta zitezela eskatu genuen torturaz eta tratu txarrez 2004ko abenduan egin genuen Adierazpenean. Sei urte igaro eta gero, sakon aztertu nahi izan dugu horien bilakaera, eta, horretarako, txosten zehatz bat egin dugu. Txostenak oinarrizko hiru erreferentzia ditu abiapuntu: prebenitzeko eta giza eskubideak babesteko nazioarteko erakundeek denbora horretan Espainiari egin dizkioten oharrak; azken urteotan atxiloaldi inkomunikatuen lagin esanguratsuak aztertu dituzten ikerketa enpirikoetan ateratako ondorioak; eta, bukatzeko, Konstituzio Auzitegiak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak azken urteotan gai horren gainean emandako epaiak.

Guztiak batera aztertuta, erakunde honek egiaztatu du hobetzeko tartea dagoela honako alderdi hauetan: inkomunikatutako atxilotuaren eskubideak epaileak kontrolatzea, abokatuaren laguntza, auzitegiko medikuak txostenak egitea edo arrazoi horregatik egiten diren salaketak ikertzea. Horiek denak arretaz aztertu ditugu eta berariazko zenbait neurri proposatu ditugu, gardentasunaren bitartez, berme-sistemak duen prebentziozko eraginkortasuna gehitzeko. Alderdirik garrantzitsuenak puntu hauetan laburtu ditugu:

- Atxiloaldiaren ikus-entzunezko grabaketak sistematikoa izan behar du eta bere baitan hartu behar ditu poliziaren bulego eta atxilotze-toki guztiak, bai atxilotua lekuz aldatzeko ibilgailuak ere. Abokatu defentsariak eta giza eskubideak bermatzeko erakundeek grabaketak ikusteko aukera izan behar dute, eta grabaketak instantzia independenteek gorde behar dituzte, sor litezkeen erantzukizunak preskribatzeko epea amaitu arte.

- Nahiz eta inkomunikatutako atxilotuari laguntzeko abokatua ofizioz izendatu, abokatuak atxiloaldiaren hasieratik bertatik izan behar du atxilotuarekin hitz egiteko aukera, eta atxilotuari ez diote galdeketarik egin behar beraren abokatua han ez badago.

- Medikuen azterketei dagokienez, isilpekoak izango direla ziurtatu behar da, auzitegiko medikuarekin batera atxilotuak izendaturiko beste mediku bat egotea baimendu behar da, eta inkomunikatutako atxilotuari emandako tratuaz egiten diren txostenak nahitaez bete beharreko protokolo baten arabera egin behar dira, behar bezala gaitutako profesionalek ikuskatu behar dituzte eta nazioarteko estandarretara moldatu behar dute.

- Azkenik, gure azterlanean, poliziaren jarduera-protokoloekin zerikusia duten neurri batzuk proposatu dira. Neurriok atxilotuarenganako tratuarekin eta haren familiarekin dute lotura.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 17a


Lotutako dokumentazioa

Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak