Baliogabetu egin da trafiko isun bat. Salatutako herritarrak ez zuen prozedura bideratzen ari zela jakin enbargo jakinarazpena jaso zuen arte

Pertsona batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, Getxoko Udalak jarri zion isun bat zela-eta. Trafiko-arauak hausteagatik Udaltzaingoko agente batek egindako salaketaren ondorioz jarri zioten isuna.

Azaldu zigunez, ez zuen prozedura bideratzen ari zela jakin bere ondasunen enbargoari buruzko jakinarazpena jaso zuen arte. Orobat, bere esanean, isunaren ordainketa murriztua egin nahi izan zuen ibilgailuen udal gordetegian, baina ez zioten ordainketa onartu, bada, adierazi ziotenez, hori egin baino lehen, salaketa jaso behar zuen bere bizilekuan.

Berak adierazi zuen salaketa zer helbidetan jakinaraztea nahi zuen, ibilgailua itzuli eta jasotzeko sinatu zuen aktan adierazitako helbide bera zen eta hara bidali zioten enbargoaren jakinarazpena. Alabaina, udalak ez zion jakinarazi salaketa helbide hartan, baizik eta Ibilgailuen Erregistroan agertzen zen helbidean. Horrexegatik ez zuen jakin salaketaren berri, ezta zigor prozedurako gainontzeko egintzen berri ere. Beraz, ez zuen aukerarik izan ez ordainketa murriztua egiteko hasieran nahi zuen bezala , ezta bere burua defendatzeko ere.

Indarreko legeriaren arabera, gure ustez, ibilgailuen gordetegian berak adierazitako helbidean egin behar zioten salaketaren jakinarazpena. Horixe adierazi genion udalari eta hark erantzun zigun isuna bertan behera utziko zuela eta baliogabetu egingo zituela zigor-prozedura eta horrek sortutako jarduerak.


Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 7a