Baliogabetu egin dute etxebizitza batean eraikitako azalera handitzeagatik diru-kopuru jakin bat ordaintzeko betebeharra

Eraikin baten jabeak Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Zumarragako Udalaren jokaerarekin, gehiegizko hirigintza-aprobetxamenduagatik diru-kopuru jakin bat ordain zezan exijitzen ziolako.

Eraikin horretan, higiezinaren azalera konputagarria handitu zuen eraikuntza-konponbide bat gauzatu zen. Horrexegatik exijitzen zion udalak kopuru hori. Zumarragako Udalak, hirigintza-diziplinaren arloan dagozkion eskumenak erabili beharrean, jabeari gehiegizko azaleraren balioespenaren %50 ordain zezan eskatzea erabaki zuen.

Kexagilea ez zegoen konforme egin zitzaion eskaerarekin, ezta hori betearazteko erabili den prozedurarekin ere. Kexagileak adierazi zuen eraikin hori hirigintzako legeriara egokitzeko asmoa zuela. Hala ere, ez zegoen ados diru-kopuru jakin bat ordaintzeko eskakizunaren izaera juridikoarekin.

Arartekoak ebazpen bat eman zuen 2013ko otsailean. Ebazpen hartan, udalari gomendatu zion baliogabetu zezala kexagileari lurzati baten gehiegizko aprobetxamenduagatik igorri zion balioespena, bi arrazoi hauengatik: alde batetik, udalak ez duelako justifikatu kopuru hori ordaintzea eskatzeko legezko gaitasuna; eta, bestetik, prozedura hori ez datorrelako bat hirigintza-antolamendua babestearekin, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legean ezarritako moduan.

Kexagileak oraintsu jakinarazi digunez, udalaren Gobernu Batzarrak onartutako akordio baten bitartez, baliogabetu egin da gehiegizko aprobetxamenduagatik kopuru hori ordaintzeko eskakizuna, eta udalaren jokaerak legearen babesik ez duela onartu da.

Erabaki horren bidez Zumarragako Udalak baiezko erantzuna eman dio gure gomendioari.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 28a