Bermeoko Udalak baliogabetu egin ditu etxebizitza bateko maizterrari erreklamatzen ari zen hiruhileko zabor-tasen ordainagiriak

Pertsona bat ez zegoen ados Bermeoko Udalaren jarduerarekin, izan ere, 2012ko ekainean etxe baten maizter izateari utzi zion arren, udalak etxe hari zegokion zabor-tasa ordain zezan erreklamatzen zion.

2013ko martxoan, kexagilea konturatu zen Bermeoko Udalak berari bidaltzen jarraitzen zuela tasa horren hiruhileko ordainagiriak; horregatik, etxejabeari ordainagiri haien zenbatekoa erreklamatzeko eskaera egin zuen, alokairu-aldia bukatu zenetik aurrera. Udalak eskaera hori aintzat hartu zuen 2013ko hirugarren hiruhilekotik aurrera, eta interesdunari agiriren bat eman zezala eskatu zion, alokairu-kontratua 2012ko ekainean iraungi zela egiaztatu ahal izateko, eta, hartara, atzeraeraginezko ondorioak zabaldu ahal izateko. Kexagileak ez zeukan halako agiririk, baina udalerriko beste etxebizitza batean erroldatu zela frogatu zezakeen. Udalerriko gizarte-zerbitzuek bazuten datu horren berri.

Udalari informazioa eskatu genion eta Toki Ogasunen Foru Araua nabarmendu genuen, arau-esparru horretara doitu behar baitute Bermeoko zabor-tasa arautzen duen ordenantzako xedapenek. Arau horretan hauxe adierazten da: "Zergadunaren ordezkoak hauek izango dira: a) Etxebizitza edo lokalen okupatzaileei onurarik edo eraginik dakarkieten zerbitzu edo jardueren ondoriozko tasetan, higiezin horien jabeak; egokituz gero, jabeek onuradunei jasanarazi ahal izango dizkiete kuotak".

Bermeoko Udalak bere erantzunean jakinarazi digu onartzen duela 2012ko laugarren hiruhileko zabor-tasa higiezinaren jabeak ordaindu behar duela, eta, beraz, baliogabetu egingo dituela kexagileari ordain zitzan eskatuz bidali zizkion ordainagiriak.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 24a