Bilera egin dute Arartekoak eta Holanda eta Greziako Defentsa-erakundeek

Arartekoaren ekimenez, Reinier van Zutphen eta Andreas Pottakis Holandako eta Greziako herriaren defendatzaileak, hurrenez hurren, Euskadira etorri dira bisitan. Hemen hainbat lan-bilera egin dituzte, errefuxiatuen gizarteratzea aztertzeko.

Egin asmo diren jardueren artean, lan-saioak programatu dira herriaren defendatzaileen eta beren lantaldeen artean, baita ere Eusko Jaurlaritzako, ACNURreko, Espainiako Herriaren Defentsa-erakundeko, CEAR Euskadiko, ACCEMeko eta MPDLko (Bakearen, armagabetzearen eta askatasunaren aldeko mugimendua) zenbait zuzendarirekin ere.

Errefuxiatuen egoeragatik kezkatzea, baita beraien eskubideak errespetatuko direla ziurtatzeko ekimenak abiaraztea ere, etengabeko eginkizuna da Arartekoarentzat.

Iazko otsailaren 22an, Errefuxiatuen krisi humanitarioaren aurrean, autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileen baterako adierazpena egin zen Gasteizen, Arartekoak iragarritako topaketan. Adierazpen horren ondoriozko jardueren artean, lantalde bat sortu da Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren (IOI) Europako eskualdean, sakon aztertu nahi baitira errefuxiatuen egoera eta beraien eskubideak defendatzeko bultzatu behar diren ekintzak. Lantalde hori Arartekoak eta Holanda eta Greziako Herriaren Defendatzaileek osatzen dute.

Gainera, lehendakariak eta Eusko Legebiltzarreko presidenteak harrera egin diete arartekoari eta Holanda eta Greziako herriaren defendatzaileei.


Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 14a