BURUKO OSASUNAREN EGUNA MUNDU OSOAN: GIZARTE OSOAREN KONPROMISO HANDIAGOA BEHAR DA

Urriaren 10ean buruko osasunaren eguna ospatzen da mundu osoan. Aukera horretaz baliatuta, buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonen eskubideak gogoratu eta aldarrikatu nahi dira, pertsona horiek zaintzen dituzten senideei eta profesionalei jendaurrean eskerrak eman nahi zaizkie eta gizarte osoari konprometitzeko deia egin nahi zaio.

Estigmatizazioa edo baztertzea gainditu, pertsona horien laneratzea erraztu, tratamenduen jarraitutasuna bermatu, emantzipatzen lagundu, beraien beharretara hobeto egokitzen den arreta soziosanitarioa eskaini, beraien familiei lagundu... Helburu horiek oraindik ez dira erabat lortu eta, lortu nahi badira, guztion konpromisoa behar da.

Iñigo Lamarca arartekoaren esanean, "sistema psikiatriko itxiaren aurrean, guztiok diogu buruko gaixotasuna ospitaletik kanpo tratatzearen alde gaudela. Hori gauzatzeko, politika publiko eraginkorragoak sortu behar dira, erabakitasunez espazio soziosanitarioaren alde eta baliabide nahiko eta egokien alde egingo dutenak, eta gizartearen inplikazio handiagoa ere behar da".

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 9a