Covid-19aren pandemiak euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan duen eragina

Arartekoak egindako azterlana Arartekoak, azterlan honetan, zentroetan gertatzen diren kutsatzeen faktore erabakigarrienak aztertzen ditu, aldi horretatik eratorritako ikaskuntzak nabarmentzen ditu eta egoiliarrek, arduradunek eta langileek pertsona guztien osasuna eta eskubideak zaintzeko egindako ahalegin handia aitortzen du.

2020ko martxoan COVID-19a agertu zenetik, Arartekoak adinekoentzako egoitza-zentroetako egoeraren bilakaeraren etengabeko jarraipena egin du. Aldi horretan (bereziki pandemiaren lehenengo hilabeteetan), gainera, EAEko egoitzetan dauden adineko pertsonen arretarekin loturiko hainbat alderdiri buruzko norbanakoen kexa ugari jaso ditu eta bilerak egin ditu gizarte-eragile, sindikatu eta patronalekin.

Hala, Arartekoak egokitzat jo zuen ikerketa bat egitea, pandemiak Euskadiko adineko pertsonentzako egoitzetan zuen eragina aztertzeko, azken xede honekin: hobeto ezagutzea kutsatzeko edo hiltzeko arriskuaren, eta pertsonen eta egoitza-establezimenduen eta horien testuinguruaren ezaugarriekin loturiko zenbait faktoreren artean dagoen lotura. Era berean, osasun-krisian zehar harturiko prebentzio-neurriak aztertzea eta egoiliarren osasuna eta eskubideak zaintzeko eraginkorrenak izan diren neurriak baloratzea ahalbidetu du.

Euskadin egindako lehen azterlana da -eta Espainia-mailan egindako azterlan bakanetako bat-; bertan, estatistika-metodologia espezifiko batzuk ezartzen zaizkie 2020ko martxotik 2021eko urtarrilera bitartean euskal egoitza-zentroetako ia 20.000 erabiltzaile guztien banakako datuei.

Arartekoak, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuak izan ditu, bai eta hiru foru-aldundiek eta egoitza-zentroetako hainbat ordezkarik aurkezturiko informazioa ere. Azterturiko aldagaietako bat, gainera, egoiliarrei zuzendutako galdetegi baten bidez jasotako informaziotik abiatuta aztertu ahal izan da.

Arartekoaren azterlanaren oinarri den ikerketa kuantitatiboak Euskadiko Medikamentuen gaineko Ikerkuntzako Batzorde Etikoaren (E-mIBE) aldeko txostena jaso zuen.

2021eko urtarriletik, egoitza-zentroetan COVID-19ari lotutako kutsatzeen eta heriotzen testuingurua nabarmen aldatu da, batez ere, txertaketa-prozesua abian jarri ondoren. Dena den, ateratako ondorioak erabilgarriak izan daitezke etorkizunean sortu daitezkeen epidemiei erantzuteko; horretarako, hainbat erakundek azterlan zientifikoetan oinarrituz adierazi dutenez, prest egon beharko genuke.

Azterturiko errealitatearen inguruko datu nagusiak:

Martxoko lehenengo asteetatik 2021eko urtarrilaren 10era arte, COVID-19 kasuren bat izan dute Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroen % 66,7k -hau da, 299 zentrotik 199-, eta COVID-19a diagnostikatuta zuten 938 erabiltzaile hil dira epealdi horretan.

- Hiru egoitza-zentrotatik bik gutxienez COVID-19aren kasu bat izan dute, eta infektatutako egoiliarrak % 25 inguru izan dira.

- Adinekoentzako egoitzetan bizi diren pertsonak kutsatutako guztien % 5 dira.

- 2021eko urtarrilaren 10era arte, zentro horiek % 47,5ek eta ordura arte kasuren bat izan zutenen % 70,9k pandemiarekin lotutako heriotzaren bat izan du.

- Bigarren olatuan, zentroek kutsatzeei aurre egiteko gaitasun handiagoa.

- Pandemia kontrolatzeko, erantzun orokorra eman behar izan da, maila guztietan, osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen eta egoitza-zentroen arteko lankidetza artikulatzeko; izan ere, horiek izan dute birusaren transmisioa geldiarazteko eta egoiliarren eta langileen segurtasuna babesteko neurriak eta beharrezko bitartekoak ezartzeko azken erantzukizuna.

- Zentroetako langileen eta erabiltzaileen nahiz haien ingurune hurbileneko pertsonen arteko elkarlana ere ezinbestekoa izan da hartutako prebentzio-neurriak behar bezala ezartzeko.

Ikasitako zenbait lezio, Azterlanean jasotzen direnak:

- Zentroa dagoen osasun-eremuko pandemiaren eraginak azaltzen du kutsatzeko arriskuaren zati bat.

- Zentroetan sartzeko muga pandemia kontrolatzeko beste faktore garrantzitsua.

- Heriotza-arriskua nagusiki egoiliarren ezaugarri pertsonalekin lotzen da, eta zentroarekin loturiko faktoreen garrantzia oso mugatua da.

- Kutsatzeko arriskuan dauden zentroen ezaugarrien eragina. Zentroak, beren ezaugarriak eta harturiko prebentzio-neurriak oso garrantzitsuak izan ziren erabiltzaileen artean COVID-19arekin kutsatzeko arriskua azaltzeko.

- Zentroen titulartasunak (publikoa edo pribatua, merkataritzakoa ala ez) ez du eraginik kutsatzeko eta/edo hiltzeko arriskuari dagokionez.

- Funtsezkoa da egoitza-zentro guztietan datu homogeneoak izatea, ikerketa-komunitateak dagozkion azterketak egiteko behar adina informazio izan dezan. Era berean, informazio-sistemak hobetu behar dira gizarte-zerbitzuen esparruan eta beren elkarreragingarritasuna.

- Egoitza-zentroak zentro bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako prebentzio-planez eta infekzio-arriskuez hornitu behar dira, babes handiagoa bermatzeko.

- Eskuratutako esperientziari eta ikaskuntzari esker, etorkizuneko arriskuei dagokienez aurrea hartzeko eta baliabideak eskuratzeko aukera handiagoa izan behar da.

- Premiazkoa da egoiliar guztien banakako egoeraren kalitatea eta erregistroa zein zentro bakoitzeko laguntza-prozesuak ebaluatzeko sistemak izatea; egoera pertsonalean gertatzen diren aldaketak identifikatzeaz gain, jasotako arretak beren bizi-kalitatean duen eragina ere identifikatu ahal izateko.

- Beharrezkoa da zentroen eredu arkitektoniko eta funtzionalaren inguruan hausnartzea, kutsatzeko arriskuan duten eragina dela eta.

- Langileen ordezkapenak egiteko prozedurak kutsatze-mailan duen eragina aztertu behar da.

- Etika batzordeek parte-hartze handiagoa izan behar dute gizarteko esku-hartzeetan, egoitza-zentroei beharrezko tresnak emateko erabiltzaileen osasuna zaintzeko funtsezko alderdi etikoei aurre egin ahal izateko.

Vitoria-Gasteiz, 20201eko azaroaren 9a


Lotutako dokumentazioa

COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan duen eragina