Desgaitasuna duten pertsonen eskubideak Covid-19aren pandemian: arazoak eta aldarrikapenak

Arartekoko zenbait langilek Giza Eskubideen Erakunde Nazionalen Europako Sareak (ENNHRI) eta Georgiako Arartekoak antolatutako mintegian parte hartu dute, non Covid-19aren pandemiak desgaitasuna duten pertsonengan izandako ondorioak eztabaidatu diren. Sozietate zibileko (European Network on Independent Living ENIL) eta giza eskubideen erakunde nazionaleko adituek (Alemaniako giza eskubideen institutuak, Bulgariako Arartekoak, Equinet) gai horren inguruan egindako ikerketetan topatu dituzten arazoak azaldu dituzte, baita etorkizunerako aldarrikapenak ere.

Arazoak

ENIL sareak mundu-mailako ikerketa egin zuen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak pandemian zehar aztertzeko. Horren ondorio nagusia honako hau da: Estatuak ez zuela behar bezala babestu desgaitasuna duten pertsonen bizitzarako eskubidea instituzioetan (hau da, Estatuaren erantzukizuna diren egoitza kolektiboetan), datu zehatzik ez dagoen arren, heriotza tasa ofizialek ez baitute ematen heriotzaren lekuari buruzko informaziorik. Heriotza tasaz gainera, ikerketak iradokitzen du pertsona askori ukatu egin zitzaiela sarrera osasun zerbitzuetara. Beste arazo bat askatasun gabezia izan zen: kalera ateratzeko debekua, bisitak izateko debekua edo osasun langileak instituzioetara sartzeko debekua. Ikerketak instituzioetan bizi diren desgaitasuna duten pertsonen informazio eta gainbegiratze falta ere iradokitzen ditu.

Bestalde, berdintasunaren aldeko elkarteen Europako sareak Equinet datu base bat sortu du bereizketaren inguruan, desgaitasuna duten pertsonen aurkako bereizketa barne, eta horri aurre egiteko botere publikoek pandemian zehar izandako jokaeraren inguruan. Hautemandako arazoen artean honakoak daude:

  • Agintaritza publikoaren kontsulta falta giza eskubideen eta bereizketaren arloko adituekin, bereziki kolektibo kalteberek jasan ditzaketen ondorioen inguruan.
  • Desgaitasuna duten pertsona batzuei (pertsona gorrei, adibidez) egokitutako informazio falta.
  • Osasun zerbitzuetara sarrera falta desgaitasuna duten pertsonentzat.
  • Gurasoen arazoak desgaitasuna duten haurrak etxean zaintzeko.
  • Zaintzaileen ezintasuna zaindutakoen etxeetara joateko.
  • Hezkuntza bereziko eskolak itxita mantendu ziren, nahiz eta ohiko eskolak ireki.
  • Irisgarritasuna kontuan hartzen ez zuten online klaseak eta telelana.
  • Desgaitasuna duten pertsonei buruzko informazioa ematen zuten berdintasun datuen falta sistematikoa.
  • Txertoei dagokienez: desgaitasun jakinak dituzten pertsonak kanpoan utzi zituen lehenespena; txertaketa guneen irisgarritasun falta eta txertoei buruz ematen zen informazio falta; zalantza txerto batzuek desgaitasuna duten pertsonengan izan zitzaketen ondorioen inguruan eta instituzioetan bizi diren desgaitasuna duten pertsonei txertoa jartzeko zuzendutako presioa.

Giza eskubideen elkarte nazional parte-hartzaileek honako arazo hau aurkeztu zuten: desgaitasuna duten pertsonen bereizketa posiblea larrialdiko tratamendu intentsiboa jasotzerakoan (triaje egoeretan). Alemaniako Konstituzio Auzitegi Federalaren epai berri bati buruz hitz egin zen, zeinak aipatutako bereizketa saihesteko aldaketa legegileak agintzen dituen. Instituzioetan bizi ez ziren desgaitasuna duten pertsonen arazoei eskainitako arreta falta ere aipatu zen.

Aldarrikapenak

Aldarrikapen orokor gisa, gogorarazi zen bereizketa ezaren gutxieneko estandarrak larrialdi egoeretan ere bete behar direla.

Adierazi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alorrean diharduen sozietate zibilak espero zuela pandemia lagungarria izango zela instituzionalizazioa alde batera uzteko eta komunitatean oinarri handiagoa duten zaintza ereduak ezartzeko. Hala ere, zenbait herrialdek instituzioetan gehiago inbertitzea erabaki dute: isolamendu hobea, medikuntza ekipamendu hobeaeta abar, desinstituzionalizazioa kontuan hartu barik.

Estrategia inklusiboak aldarrikatu ziren hezkuntza eta enplegua bezalako alorretan pandemiak desgaitasuna duten pertsonengan eragin ditzakeen epe luzeko ondorioen inguruan. Larrialdi planak ere inklusiboak izan behar dira. Pandemia aparteko aukera da azterketa sistematiko bat egiteko desgaitasuna duten pertsonen egoeraren eta horiei eskainitako zerbitzuen gainean, beti ere euren parte-hartzearekin eta ordezkatzen dituzten instituzioen parte-hartzearekin.

Dokumentazioa