Diskriminazioa eta diskriminazioaren aurkako politika publikoak EAE-n

Azterlan honek dagoen esparru juridikoa aztertzen du, eta diskriminazioari aurre egiteko proposamenak biltzen ditu. Horretarako, berdintasun-erakundeen birtualtasunari, prebentzio-, babes- eta erreparazio-neurrien beharrari eta datuak biltzearen garrantziari erreparatzen die, besteak beste, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako eskubidearen aitortzatik eratorritako obligazioak betetzeko beharrezkoak diren jarduketen baitan. 

Giza eskubideen arloko nazioarteko gainbegiratze-erakundeek egindako txostenetan antzemandako arazorik larrienak jasotzen ditu, eta erakunde horiek emandako gomendioen berri ematen du. 

Hautemandako arazoen artean honako hauek daude: diskriminazioaren aurkako arloan behar bezala jantzitako erakunde independente baten falta; gutxiengoen ordezkari diren kontsulta-organoen diseinuan eta funtzionamenduan antzemandako gabeziak; sare sozialetan diskriminazioa, aurreiritziak eta estereotipoak agertzea, eta urritasunak egotea gorroto-diskurtsoaren aurkako borrokan edo berdintasunari eta diskriminazioari buruzko datuak bildu eta aztertzeko lanetan, bai eta diskriminazioaren aurkako estrategia eta planetan ere. 

Era berean, aipatzekoa da ez dela azterlanik egiten politika publikoek talde gutxituetan eragiten dituzten kalteen inguruan; gainera, segurtasun-indar eta -kidegoen jardueretan profil etnikoak erabiltzen dira, eskola-segregazioa dago eta gertakari arrazistak gertutik kontrolatzeko lanetan gabeziak antzeman dira. Azterlan honen hasierako bertsioetan azpimarratu izan da ez dagoela diskriminazioaren aurkako legeria orokorrik; nolanahi ere, arazo hori dagoeneko bideratu egin da, Tratu-berdintasunerako eta diskriminazioa ekiditeko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integrala onetsi zenetik.

Euskal administrazio publikoek arlo horretan egindako jarduketen ahalik eta argazki zehatzena eskaini ahal izateko, Arartekoak informazio hori bildu zuen, eta kapitulu espezifiko batean sistematizatu da.

Jasotako erantzunetatik ondoriozta daiteke antolakuntza- eta egitura-ikuspegiak askotarikoak direla, politikariei eta teknikariei kulturarteko ikuspegian prestakuntza eman behar zaiela, eta administrazio-plangintzan diskriminazioaren eta giza eskubideen ikuspegi espezifikoagoa gero eta gehiago txertatu dadin eskatu behar dela. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza berria abian jartzearekin batera dagoeneko ikuspegi horren garapena sustatu da. Beraz, EAEn tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko politiketan aurrera egin ahal izateko oinarrizko aldeko egoera dago. 

Azterlanaren amaiera gisa, Arartekoak zenbait gomendio zerrendatu ditu, besteak beste:

EAEn tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko lege bat prestatzeko lanetan aurrera egitea
2023an zehar pauso garrantzitsuak ematen ari gara lege hori prestatzeko. Oso garrantzitsua da Euskadin arau-esparru propioa izatea, tratu-berdintasunerako eskubidea, pertsona bakoitzaren duintasunarekiko errespetua eta edozein diskriminazioren aurreko babesa hobeto bermatu daitezen. Lege hori onartzeak proiekzio garrantzitsua izango du euskal sektore-araudian eta administrazio publikoen jardunaren orientazio egokian. Beraz, baita EAEn bizi diren pertsona guztien bizitzan ere. 

Berdintasunerako erakunde bat sortzea

Berdintasunerako erakunde bat izatea funtsezkoa da diskriminazioaren biktimen babesa bermatzeko. Gainera, esku-hartze kolektiboagoak egitea ahalbidetuko du, politika publikoen eta prebentzio-proposamenak sustatzeko lanetan aurrera egiteko eta, horrela, pertsonengan, erakundeetan eta gizarte osoan aldaketak eragiteko.

Berdintasunerako erakunde bat eraginkorra, irisgarria eta eraldatzailea izan dadin, ezinbestekoa da haren diseinuak kontuan hartzea ezinbesteko parametro batzuk errespetatzeko eskakizuna: independentzia; giza baliabide, baliabide tekniko eta ekonomiko nahikoak; prebentzio-, babes- eta konponketa-funtzioen esleipena, eta gatazkak konpontzeko ahalmen alternatibo eta osagarriak. Eta, jakina, politika publikoetan eragina izateko ahalmena.

Ikuspegi errestauratiboaren lehentasuna 

Ikuspegi errestauratiboa baliozko aukera dugu jarduketa eta jokabide diskriminatzaileak prebenitu, babestu eta erreparatzeko neurriak artikulatzeko, administrazio-erreklamazioen edo organo judizialen aurrean egindako salaketen osagarri gisa. Justizia errestauratiboko neurrien asmoa da eremu komunitarioak sortzea, non biktimizazioak jasan dituzten edo jasaten dituzten pertsonei lagundu, entzun eta haien duintasunean erreparatuko zaien. 

Datuak bildu eta aztertu beharra, diskriminaziorik ezaren arloko betebeharrak betetzeko

Politika publikoak diseinatzeko azterlanak egitea eta berdintasunari buruzko datu bereiziak biltzea funtsezkoa da diskriminazioa eta haren ezkutuko zifra ikusarazteko, prozedura administratibo eta judizialetan frogak emateko eta joerak gainbegiratzeko. Era berean, interesgarria izango litzateke eskubideen benetako erabilerari edo krisiek talde zaurgarri diskriminatuetan duten inpaktuari buruzko azterlan zorrotza egitea. Datuak biltzeko, nolanahi ere, nahitaezkoa da arau-esparru egoki bat izatea.


Gorroto-diskurtsoari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra

Gai problematiko, partzial eta estigmatizatzaileei buruzko informazioak eta diskurtsoak, kolektibo ahuletako kideei egozten zaizkien abusuzko edo delituzko jarduera jakin batzuetan ardaztuta eta iritzi publikoan eta sare sozialetan zabalduta, batez ere eztabaida publikoari eragiten badio, legitimatu egiten ditu diskriminazio-jokabideak eta diskriminazio sistemikoa katalizatzen dituzten iritziak. Hori saihesteko zeregin garrantzitsua dute komunikabideek.

Behar-beharrezkoa da gorroto-diskurtsoari aurre egiteko dauden proposamenak kontuan hartzea, batez ere eragin penalik ez dutelako gutxien garatuta daudenak, bai eta Euskadiko egoerari eta testuinguruari egokitutako tresna, protokolo edo estrategia bat garatzea ere. 

Nabarmendu beharreko beste gomendio batzuk:

•    Maila anitzeko koordinazioa hobetzea Estatutako Administrazio Orokorrarekin eta Euskadiko administrazio publikoen
•    Diskriminazioaren aurkako borroka erdigunean jarriko duten eta jarraipena nahiz ebaluazioa egiteko adierazleak aurreikusiko dituzten plangintza-tresnak eta estrategiak egitea.
•    Antolakunde sozialek eta diskriminazioaren xede diren kolektiboek kontsulta-organoetan parte har dezaten sustatzea. 
•    Jarduketa diskriminatzaileen edo arrazisten biktima errealei eta potentzialei informazioa, aholkua eta bidelaguntza ematea.
•    Jarduketa eta jokaera diskriminatzaileak prebenitu, babestu eta erreparatzeko neurriak ezartzea, administrazioko erreklamazioa edo organo judizialen aurreko salaketa osatzeko.
•    Erabakiak hartzeko mekanismo automatizatuetan bermeak ematea.
•    Giza eskubideen eta diskriminaziorik ezaren arloan prestatzeko programak indartu eta hedatzea. 
•    Iruditeria diskriminatzaileak erreproduzitzearen ondorioen inguruan sentsibilizatzea Euskadiko herritarrak. 

AZTERLANA

EGIKARITZE-LABURPENA

ONDORIOAK ETA GOMENDIOAK

Bilbo, 2023ko ekainaren 28a