"EAE-ko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzuna" izeneko txosten berezia aurkeztu zaio Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari

Aurrera egin den arren, txostenak alderdi kezkagarriak ikusi ditu: gizarte bazterketa behar bezla kontutan ez hartzea, hezkuntza sareen arteko desberdintasun handiak hezkuntza-premia bereziei dagokienez eta erantzun makala Bigarren Hezkuntzan

Hezkuntza-premia bereziko ikasleak ikastetxe arruntetan integratzearen eta hezkuntzaerantzunak normalizatzearen aldeko apustua argia eta orokorra izan da. Izan ere, 1999- 2000 ikasturtean, hezkuntza bereziko ikasleetatik %92'2 ikastetxe arruntetan eskolaturik zeuden. Lorturiko aurrerapenetariko batzuk agerikoak dira; gizarte eragileek eurek onartzen dute hori, baita hezkuntza-premia bereziko pertsonek eta horien familiek ere.

Kolektibo honenganako jokabidea arautzen duen Eusko Jaularitzaren dekretuaren arabera hezkuntza-premia bereziak izango dituzte eskolatze-aldi osoan edo epealdi batean hainbat lagungarri eta arreta berezi behar dituzten ikasleek, urritasun fisikoak, psikikoak edo sentimenekoak dituztelako, portaeran desoreka larriak adierazten dituztelako, edo gizarte edo kultura-egoera kaltetua dutelako; hezkuntza-premia bereziak izango dituzte, halaber, adimen-gaitasun handiko ikasleek, horiek ere arreta bereziak behar dituzte eta.

KEZKAGARRIAK ETA HOBETU BEHARREKOAK DIREN ALDERDI AIPAGARRIAK

Eskubideak bermatzeko ikuspegi batetik (Ararteko erakundeari dagokion ikuspegia), txostenean agertzen diren alderdi oso kezkagarriak eta, gure iritziz, lehentasunezko arreta behar duen alderdiak azpimarratu nahi ditugu.

1. Arautegiaren eta eskola praktikaren arteko jauzia
Aurrerapauso handiak eta lorpen ikusgarriak egin badira ere, azterturiko errealitateak agerian jartzen duenez, beti ez dira lortzen integrazioa eta normalizazioa (printzipio horiek dira hezkuntza-premia bereziei eman beharreko erantzunaren euskarriak).

2. Gizarte bazterketa behar bezala kontuan ez hartzea
Zerbitzuek bildutako datuek agerian jarri dutenez, talde honetako pertsonei ez zaie ematen beste mota batzuetako hezkuntza-premia bereziko taldeei ematen zaien erantzuna. Izan ere, arautegian ezarritakoa oraindik ez da behar bezala aplikatu edo ez da nahiko garatu.
Gizarte bazterketazko egoerak bereziki eskualde eta ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira; hori begi-bistakoa da. Erakunde honen iritziz, egoera horiei lehentasunezko eta konpentsaziozko laguntza eskaini behar zaie. Baina jasotako datuetan ez da halako lehentasunezko laguntzarik adierazten.

3. Eskola sareen arteko desberdintasunak, hezkuntza-premia bereziei dagokienez
Hezkuntza-premia bereziko eskolatzeari eta emaitzei (edo, hobeto, kalifikazioei) buruzko datuek agerian jartzen dutenez, errealitatea oso kezkagarria da: halako ikasleak ez daude modu orekatuan banatuta ikastetxe eta sare guztietan; halako premiak dituzten ikasleak neurri handi batean ikastetxe jakin batzuetan pilatzeko joera dago, batez ere eskualde edo hizkuntza eredu jakineko ikastetxe publikoetan; banaketa desorekatu hori halako ikasleen kalifikazioetan ere ikusten da, ikastetxe batzuetatik besteetara desberdintasun handiak baitaude; ikastetxe batzuk ¿ghetto¿ bihurtzeko arriskua dago, eta horrela ezin daiteke integraziorik lortu...
Hezkuntza-premia bereziez artatzean, proportzio eza nabarmena dago sare publikoaren eta pribatuaren artean, eta horrek lurralde, hezkuntza maila eta hizkuntz eredu guztietan dauka. Datuek agerian jartzen dutenez, hezkuntza-premia bereziko ikasleen integrazioa, batez ere, ikastetxe publikoetan egiten da. Eta, segurutik, proportziorik eza hori askoz ere handiagoa izango litzateke, gizarte bazterketari loturiko egoeren ondoriozko premiak jasoz gero, horietariko batzuk nahiko berriak baitira. Adibidez, atzerriko ikasleak edo gutxiengo etnikoetako ikasleak.

Dirudienez, egoera hori zuzentzeko premiazko neurriak hartu behar dira. Ikasleak hezkuntza sistema osatzen duten unitate guztietan banatzea, berez, oreka handiagokoa edo gutxiagokoa izan daiteke. Baina, gainera, hezkuntza-premia bereziko ikasleak eskolatzeari loturiko ratio jakin batzuk ez dira gainditu behar ikastetxe edo ikasgela batean, eskolako integrazioa egingarria eta guztiontzako onuragarria izan dadin. Kontu horren gainean, adostasun orokorra dago. Dekretu horretan ere arrisku hori jasotzen da: ¿Hezkuntza Administrazioa bereziki arduratuko da ingurune kaltetuetan dauden ikastetxeak ez daitezen ingurune berezitu bihurtu, integrazioaren eta normalizazioaren printzipioaren aurka¿. Beraz, hezkuntza Administrazioak hori lortzeko baliabideak jarri behar ditu, eta hala egin dadin arduratu.
Txosten honetan egindako gomendioetako batzuek horri buruzko neurriak proposatzen dituzte; horiek eragina dute matrikulazio irizpideetan eta lekualdatzeen jarraipenean (ikasle batzuek beste ikastetxe batzuetara edo beste zerbitzu batzuetara aldatzea edo ¿botatzea¿). Hezkuntza Administrazioak, erakunde honen iritziz, neurriok hartu beharko ditu; izan ere, hezkuntza sistema (ia oso-osorik, titulartasun publikoa edo pribatua eduki arren) fondo publikoen bitartez finantzatzen da eta arau nahiz printzipio berdin-berdinen menpe dago.

4. Laguntzari dagokionez, lurralde batetik bestera dagoen desberdintasuna
Araban hezkuntza-premia bereziko pertsonatzat %2,6 har daitezke, Bizkaian %1,6 eta Gipuzkoan %2,1, eta ez dago hori justifika dezakeen daturik (ez biztanleriari buruzko daturik eta ez datu sozioekonomikorik). Ikastetxeen autonomiak ere ez du halako desberdintasunak azaltzeko aukerarik ematen. Desberdintasunok, batez ere, premiok detektatzeko gaitasun handiagoari edo txikiagoari egotzi behar zaizkio, baita premiei eman beharreko erantzunean eta horren ondoriozko baliabide banaketan zuzentasun handiagoa bilatzen duen irizpide komunik ez egoteari ere.

5. Erantzuteko gaitasun urriko eta eskola emaitza txarreko ikastetxeak egotea
Datuek agerian jartzen dutenez, eskola sistemak ikasleengan eragina edukitzeko duen gaitasunak ezin ditu jatorrizko desberdintasunak eta defizitak konpentsatu. Horren zergatiak, segurutik, era askotakoak dira eta ezin daitezke azaldu halako ikastetxeen baliabideak nahikoak ez direla soilik esanez. Bildutako datuen arabera, badirudi ikastetxe horiei baliabideak esleitzean (batik bat, giza baliabideak) beti ez dela egoera behar bezala kontuan hartzen, batez ere maila batzuetan.

6. Ez da erraza hezkuntza komunitate osoa hezkuntza-premia bereziei eman beharreko erantzunean inplikatzea

7. Aniztasunari eta hezkuntza-premia bereziei eman beharreko laguntzaren egoera Bigarren Hezkuntzan
Informazio iturri guztiek agerian jarri dutenaren arabera, egoera kezkagarria da eta Bigarren Hezkuntzan arazoa nabariagoa da. Euren iritziz:

  • ikastetxe askok ez diote behar bezalako erantzunik ematen bertako ikasleen aniztasunari;
  • hezkuntza-premia bereziei eman beharreko laguntza ez dago modu berean onartuta, eta baliabideak ere ez dira aurreko etapetakoen bestekoak;
  • ikasle mota jakin bat arautu gabeko ikastetxeetara bidaltzeko joera nabaria dago;
  • ikastetxearen antolakuntzak eta irakasleen ordutegiek beti ez dituzte bermatzen koordinazio pedagogikorako beharrezko diren gutxienekoak;
  • bigarren hezkuntzako irakasleek heziketa hobea behar dute, aniztasunaz nola arduratu jakiteko.

Ararteko erakundeari dagokion ikuspegitik begiratuta, halako arazoak oso kezkagarriak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, etapa hori derrigorrezkoa baita eta eskola biztanleria osoa jaso behar baitu.

8. Hezkuntza-premia berezien prebentzioan eta laguntzan dauden hutsuneak

9. Zerbitzuen arteko koordinazioa eta hezkuntza sistemaren eta familien nahiz elkarteen arteko harremanak urriak dira