EAEko OSPITALEEK EZGAITUENTZAT DUTEN IRISGARRITASUNAREN DIAGNOSTIKOA

Arartekoaren txosten berezia

Arartekoa eta ezgaitasuna duten pertsonak

Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideetan arreta berezia jarri izan du beti Arartekoak. Nazioarteko itunek eta euskal nahiz estatuko araudiak ematen dieten eskubideak eta askatasunak gauzatzeko orduan oztopo handiak topatzen dituen taldea da.

Alor horretan, Arartekoak txosten hauek egin ditu:

· EAEko garraio sistema publikoaren irisgarritasuna
· Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn
· Euskal Autonomia Erkidegoko erabilera publikoko eraikinen irisgarritasuna

Euskal Osasun Sistemak gizartean duen garrantzia

Deustu Gizarte Barometroaren (DBSoc) 8. edizioko emaitzen arabera, sei hilean behin euskal gizartearen iritzi eta lehentasunak jasotzen dituena, Osakidetzak balorazio handieneko zerbitzu publikoa izaten jarraitzen du (6,5).

Gainera, Espainia osoarekin alderatuz euskal osasun sistemak jasotzen duen balorazio positiboa etengabea da.

Beraz, Arartekoak txosten hau aurkeztean jakin badaki honako hau: oro har herritarren aitortza handia duen lehen mailako zerbitzu publiko batek arazo sozial espezifiko bati zer erantzun ematen dion aztertu nahi dela, ezgaitasuna duten pertsonek ospitaleko eraikinetan duten irisgarritasun arazoei ematen dion erantzuna, esaterako. Beraz, bertako erabiltzaile guztien alde egingo luketen alderdi zehatz batzuk hobetzen lagundu nahi du Arartekoak, baina bereziki, ezgaitasun bat dutela-eta zailtasun gehiago dituztenen alde, hau da, euskal ospitaleek eskaintzen dituzten osasun zerbitzuak erabat baliatu ahal ditzaten.

Ezgaitasun egoeran dauden Euskal Osasun Sistemako erabiltzaile objektiboak eta adineko pertsonak
Azterlanaren ondorioetarako, mugikortasun urriko pertsonen artean bi biztanle talde finka daitezke:

- mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonak: euskal biztanleen ia % 29, 2015ean Eustatek emandako datuen arabera.

- mugikortasun urri iragankorra duten pertsonak: % 9 baino zertxobait gehiago (haurdun dauden emakumeak, 3 urtez azpiko haurrak, aldi baterako mugatzaileak diren egoeretan dauden pertsonak).

Beraz, oro har, esan dezakegu EAEn gaur egun bizi diren biztanleen % 38 mugikortasun urri iraunkorra edo aldi baterakoa duen pertsonatzat har daitekeela.


Azterlanaren irismena

Azterlan hau Euskadiko osasun sistema funtzionalaren esparruan ardaztu da, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilbide, eraikin eta zerbitzuen kokapena eta erabilgarritasuna erabakitzen dituen irisgarritasun katea kontuan hartuta.

Edozein pertsonak gainerako pertsonen antzeko baldintzetan edo baldintza berberetan eraikinak, zerbitzuak edo produktuak izateko eta erabiltzeko duen ahalmena da irisgarritasuna. Gainera, erabilera autonomoa bermatu behar da.

Horrek eraikin bateko sarrerako eskailera-maila bat kentzea edo beste aukera bat eskaintzea baino gehiago dakar; gainerako pertsonen aukera eta onura berdinak izatea dakar eta oro har erabilgarri dauden programa edo zerbitzuak baliatu ahal izatea.

Bestalde, irisgarritasun kontzeptuaren barnean, oinarrizko hiru tipologia sartzen dira gutxienez: mugikortasuna, komunikazioa eta ulermena. Ezgaitasuna duten pertsonek hiru jarduera horiek egiteko gaitasuna murriztuta dute era askotariko oztopoak dituztelako.

Lankidetzak

Osasun Saila eta Osakidetza Arartekoarekin lankidetzan aritu dira azterlanaren xede diren ospitaleak hautatzeko orduan nahiz zentro horietako kudeatzaileekin komunikatzeko orduan.

Oinarrizko azterlana egiteko, Elkarturen, ezgaitasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazio koordinatzailearen, laguntza teknikoa jaso da.

Aztertutako ospitaleak eta zentroak

Osakidetzako sare publikoko 16 ospitaleak aztertu dira, Osakidetzarekin ituna sinatu duten 12 ospitale pribatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 8 ospitale psikiatrikoak.

Gaur egun dauden Osateken 7 zerbitzuak ere aztertu dira, ospitale sareko funtsezko osagarria.



ONDORIOAK

Azterlan oso zabala eta zehatza denez, zaila da aztertutako eraikin guztien laburpen adierazgarri bat egitea.

Txostenean aipatutako zailtasunak ez dira berberak ospitale guztietan eta ez diete berdin eragiten ezgaitasun mota guztiei.

EAEko ospitaleen irisgarritasuna beste esparru batzuetan dagoenaren antzekoa da: garraioan, hezkuntzan, kirol instalazioetan eta abarretan, esate baterako.

Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legearen betebeharrak betetzeko, garrantzia gorena eman behar zaio honi: euskal herri-administrazioek plangintza errealista eta iraunkor bat egin beharrari, epe ertain eta luzera; hala, txostenak agerian utzitako gabeziei pixkanaka eta modu eraginkorrean erantzun ahalko zaie.

Horretarako, lehenik eta behin, osasun gune bakoitzak behar besteko gutxieneko baliabideak izateko beharra aztertu beharko da, eta pixkanaka osatu egin ahalko dira arazo larrienei aurre egiteko, kanpo kontsulten eta proba diagnostikoen zerbitzuetan bereziki.

Legeak irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko oinarrizko tresna bat ezartzen du: irisgarritasuna sustatzeko lau urteko programak egitea. Programa horien bidez, herri-administrazio guztiek honako hauek egin behar dituzte:

- egoeraren diagnostikoa
- lehentasunak finkatzea
- programa ekonomiko bat eta gauzatzeko egutegi bat onestea

Hala ere, euskal sareko ospitale ia bakar batek ere ez du egin agindutako irisgarritasun plana, Zumarragako ospitaleak salbu; azken horrek 2009. egindako irisgarritasunaren diagnostikoari buruzko ebaluazio txostena du.

Aipatu behar da ere, irisgarritasunaren legea indarrean jarri zenetik aurrerapauso handiak egin direla EAEko osasun zentroetan irisgarritasuneko baldintza teknikoak bermatzeko neurriak hartzeko orduan. Bilakaera hori eraikin berrietan ikusten da, batez ere.

Nolanahi ere, txosten honetan egindako diagnostikoak aukera ematen du gaur egun gabezia oso adierazgarriak daudela ondorioztatzeko, eta haiek irisgarritasun unibertsalaren eskubidea mugatzen jarraitzen dute.

Berriak ez diren eraikinei dagokienez, adierazi beharra dugu horiek birgaitzeko eta egokitzeko ahalegin handia egin dela, eta hainbat jarduketa egin direla instalazioen irisgarritasuna bermatzeari eta sustatzeari begira. Dena den, egindako hobekuntzak ez dira nahikoak oraindik.

Azpimarratu behar da osasun langileek oro har ahalegin handia egiten dutela mugikortasun urriko pertsonek aurkitzen dituzten zailtasun eta oztopoei ahalik eta irtenbide egokiena emateko asmoz.

Defizit hauek hauteman dira:

· ospitaleetarako sarbideen ibilbideak.

· ospitale-esparru barneko ibilbideak: ospitale bereko eraikinen arteko mugikortasuna, erreserbatuko aparkalekurik ez izatea.

· ospitaletako atalen arteko barne mugikortasuna: itxarongelak (gurpildun aulkietarako behar besteko lekurik ez), kontsultak (ginekologiakoak, bereziki), zenbait diagnostiko unitate, gelak, komunak eta abar.

· Osasun instalazio gutxik bermatzen dute ikusmen edo entzumen ezgaitasuna duten pertsonek behar bezalako informazioa berdintasun baldintzetan jasotzea.

GOMENDIOAK

Txosten honetan 42 Gomendio ematen dira, haietako asko Euskal Osasun Zerbitzurako direnak.

Honako hau da garrantzitsuena: euskal osasun sisteman irisgarritasun unibertsalaren baldintzak sustatzeko estrategia bat prestatzea, gehiago luzatu gabe; estrategia hori pixkanaka garatu ahalko da xede horretarako finkatutako planaren esparruan eskura dauden finantza baliabideen arabera.

Horretarako, beharrezkoa izango da osasun mailako instalazio eta zerbitzuetan dauden gabezien diagnostiko bat egitea. Oinarri horren gainean prestatu beharko lirateke lau urteko programak zentro bakoitzeko irisgarritasuna sustatze aldera.

Hau da, legeak berak duela 20 urte ezartzen zuen tresna


Lotutako dokumentazioa

EAEko ospitaleek ezgaituentzat duten irisgarritasunaren diagnostikoa