Etxebizitza Saila ez dator bat Arartekoaren argudio juridikoekin eta ez dio zuzenean etxebizitza bat esleituko premia bereziko taldeko bizikidetza-unitate bati

Ararteko erakundean kexa egiteko unean, kexagileak adierazi zuen bere bizikidetza-unitatea sei kidek osatzen zutela, haietako bat 22 urteko gaztea, %81eko desgaitasun-maila aitortua duena eta mendekotasun handia duena, garuneko paralisiaren ondorioz

Pertsona batek Arartekora jo zuen, ez baitzuen berariazko erantzunik jaso ezohiko prozeduraren bidez etxebizitza esleitzeko eskaera bati dagokionez. Kexagileak azaldutakoaren arabera, bere bizikidetza-unitateak sei kide ditu; horietako bat adingabea da eta beste batek 22 urte ditu, %81eko desgaitasun-maila aitortua du eta mendekotasun handia du garuneko paralisiaren ondorioz. Adierazi zuen semearen egoerak okerrera egin duela azken urteetan eta gero eta zailagoa dela eguneroko ekintza oinarrizkoenen zati handi bat egitea. Gaineratu zuenez, bizi diren merkatu libreko etxebizitza ez dago egokituta, ez du gurpil-aulkiarekin maniobrak egiteko leku nahikorik, eta behar duten garabia ez da sartzen etxebizitzan eta, beraz, ezinezkoa da semea behar bezala garbitzea.

Kexagilearen esanean, 2015eko azarotik "Etxebiden" inskribatuta daude eta orain arte ez zaie proposatu babes publikoko etxebizitza egokitu bat esleitzea. Gainera, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria jasotzen dituzte. Bilaketa aktiboa egiten ari diren arren, ezinezkoa izan omen da merkatu librean ere etxebizitza egokirik aurkitzea eta, horregatik, bere udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuetara jo omen zuen.

Oinarrizko gizarte-zerbitzuek egoera baloratu zuten eta udalak erabaki zuen ezohiko prozeduraren bidez egokitutako etxebizitza bat esleitzeko erabakia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzari bidaltzea.

Bien bitartean, kexagileak hiru idazki bidali zituen Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara; idazki horietan semearen egoera berretsi zuen eta etxebizitza egokitu bat eskuratzeko beharra azpimarratu zuen. Ez zuen Ordezkaritzaren erantzunik jaso, baina bai gizarte-zerbitzuen telefono-dei bat. Dei horren bidez jakinarazi zioten etxebizitza esleitzeko bere eskaera ez zutela onartu. Jakinarazpen pertsonalik jaso ez zuenez, ez zekien zergatik ukatu zitzaion eskaera eta erabakia errekurritu zitekeen.

Arartekoak laguntza eskatu zion Etxebizitza Sailari, eta hark, bere erantzunean, argudiatu zuen kexagilea eta bere bizikidetza-unitatea ez zeudela etxebizitza egokitu baten zuzeneko esleipena baloratzeko aukera ematen duten aurreikusitako kasuetako batean ere: terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktimak, birkokatzeko eskubidea duten pertsonak eta etxegabetze-egoeran dauden ahultasun bereziko pertsonak. Beraz, gizarte-zerbitzuei jakinarazi zieten etxebizitza ohiko prozeduraren bidez esleitu arte itxaron behar zutela.

Hala ere, 39/2008 Dekretuak ezarrita du premia bereziko taldeek horrelako etxebizitza bat jasotzeko aukera. Hain zuzen ere, gutxienez bizikidetza-unitateetan titular bat honako kolektibo hauetako kide denean: "... adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonak eta gaixotasun mentala duten pertsonak, guraso bakarreko familiak..." 

Arartekoaren iritziz  eta halaxe argudiatu du juridikoki , bizikidetza-unitate horren egoera sartzen da etxebizitza premia berezia duen taldearen barruan, eta, beraz, arauz aurreikusitako kasuen barruan.

Horregatik, Etxebizitza Sailari eskatu zion azter zezala eskaera ukatzeko erabakia. Bere erantzunean, sail horrek berriro dio kexagilearen kasua ez dela talde horietako bakar batekoa ere; gainera, bere ustez, etxebizitza eske gizarte-zerbitzuetara joan den pertsona ez da interesduna.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 24a