Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak

XXXV. Uda Ikastaroak,  XXVIII. Europar Ikastaroak - UPV/EHU 2016

 

EHUren Uda Ikastaroen XXXV. edizioan, Arartekoak izenburu hau duen ikastaroa antolatu du Donostiako Miramar jauregian, uztailaren 7 eta 8rako: Europa, asilo lurraldea? Erronkak eta erantzunak.

Azken hilabeteotan, bigarren mundu gerratik hona izan den asilo-eskaerarik jendetsuena eta handiena ikusten ari da Europa. Horrek inoiz izan ez diren erronkak sortzen ditu, aparteko egoeretan asilo eskubidea modu eragingarrian beteko dela bermatzeko.

Arartekoarentzat, baita Eusko Legebiltzarrarentzat eta Eurobaskentzat ere, lehentasun handiko gaiak dira Europako asilo-eskubidea eta errefuxiatuen krisia. Horregatik, EHUren Uda Ikastaroen edizio honetan, Europako immigrazioaren eta asiloaren gainean ikuspuntu osagarriak bateratzea ahalbidetuko duten ikastaroak antolatu dituzte, nork bere ikuspegitik begiratuta.

Arartekoaren kasuan, ikastaro honetan aztertu eta eztabaidatu nahi da zenbaterainokoak diren sortzen ari diren arazoak, eta zer-nolako erantzunak ematen ari diren (edo ematen ari ez diren) Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde.

Berariaz aztertuko da hemen ea eskubide hori behar bezala betetzen ari den Europan, batez ere Siria, Irak, Afganistan eta beste herrialde batzuetan bizi dituzten gatazka krudeletatik ihesi datozen pertsona samaldak direla eta.

Asilo eskubidearen norainokoa eta hori osatzen duten arauen interpretazioa ez datoz bat Europako estatuetako legerian eta jurisprudentzian. Gainera, eztabaida pizten ari da errefuxiatuak artatu eta babesteko zereginari buruz, estatuen artean desberdintasunak baitaude nazioarteko konpromisoak beren gain hartzeko orduan.

Jurista adituen mintzaldien bitartez, asilo eskubidearen edukia aztertuko da ikastaro honetan, bai ikuspegi teorikotik, bai eskubide hori arautu eta gauzatzearen ikuspegitik ere.

    Location : Donostia-San Sebastián


Ekitaldiak gorde: