Europako Kontseiluaren gomendio berriak, eskualdeko eta tokiko kargu hautetsiek kontuak hobeto eman ditzaten

Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak gomendio berri bat egin du; bertan, zenbait jarraibide eman ditu eskualdeetan eta tokietan zuzenean edo zeharka hautatutako karguek kontuak hobeto eman ditzaten. Gomendio horren bidez, kargu hautetsiek beren erantzukizunak hartzeko kultura indartu nahi da, erantzukizunak eskatzeko mekanismo judizialak do politikoak osatuz. Horretarako, esparru edo sistema bat eratzea proposatzen du, zeinak bere baitan hartuko baititu erantzukizunak hartzea sustatzeko arauak, erakundeak, prozedurak, jarduerak eta portaera-kodeak. Esparru horrek ahalbidetu behar du kargu hautetsiek hartzen dituzten erabakiak jakinaraziak, azalduak, ebaluatuak eta, hala badagokio, zentsuratuak izan daitezen. Erantzukizunak eskatzeko, ezinbestekoa da gizarte zibilak, prestakuntza politikoa duten herritarrek eta hedabide aske eta burujabeek parte har dezaten. Bereziki, herritarrek aukera izan behar dute beren iritziak emateko, erabakitzeko prozesuei ekarpenak egiteko eta beren kritikak edo kezkak azaltzeko. Gomendioan erantzukizunak eskatzeko esparru edo sistema horretako hainbat elementu agertzen dira, adibidez: eskumenak eta erantzukizunak emateko arau argiak, bilerak eta agendak ezagutaraztea, prozesuen eta espedienteen gaineko dokumentazio zuzena, informazioa eskuratzeko mekanismoak publikoarentzat, informazioa eskuragarri jartzea formatu erabilgarri eta egokietan edo irregulartasunak salatzetik babestutako kanaletan ("whistleblowing"). Era berean, erantzukizun politikoko tresnak erabiltzeko jarraibideak ematen ditu, hala nola zentsura-mozioak edo kargu hautetsiak aldez aurretik ezeztatzea