Europar Batasunak 2023ko Zuzenbide-Estatuari buruz egindako txostenak Espainiari bere sistema judiziala egokitzeko eskatzen dio

Uztailaren hasieran Europako Batzordeak Zuzenbide-Estatuari buruzko 2023ko urteko txostena argitaratu zuen. Txosten horrek Europar Batasuneko estatu kide guztien Zuzenbide-Estatuaren egoera aztertzen du prebentziozko helburuarekin, arazoak sortzea edo larriagotzea saihesteko. Espainiari zuzendutako kapituluan esaten da premiazkoa dela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea, Fiskaltzaren independentzia eta autonomia indartzea eta sekretu ofizialei buruzko Legearen erreforman aurrera egitea, besteak beste.

EBko Zuzenbide-Estatuari buruzko urteko txostena Europako Batzordeak agintari nazionalekin eta alderdi interesdunekin (sindikatuak, kazetariak, etab.) egiten duen elkarrizketaren emaitza da. Metodologia bera aplikatzen du estatu kide guztiak aztertzeko, lau zutabetan egituratuta: sistema judizial nazionalak; ustelkeriaren aurkako borrokaren esparruak; komunikabideen aniztasuna; eta kontrolekin eta orekekin lotutako beste gai instituzional batzuk. Xedea 2022ko uztaileko aurreko txostenetik izandako aldaketak ebaluatzea da. Txostena EBk Zuzenbide-Estatuari buruz dituen gainerako tresnekiko independentea da eta Europar Batasunaren Tratatuan (EBT) oinarritutako mekanismoak osatzen ditu, baina ordeztu gabe; azken mekanismo horien artean arau-hausteen prozedurak eta Batasunaren balio erkideak babesteko prozedurak  daude (Europar Batasunaren Tratatuaren 7. artikulua).

Laugarren txosten honek, gainera, estatu bakoitzak 2022an lehen aldiz egin ziren gomendioak betetzeari dagokionez egindako aurrerapenen ebaluazio kualitatiboa jasotzen du. Gomendio horiek Europako estandarretan oinarritzen dira eta aintzat hartzen dituzte sistema juridiko nazionalak; horrez gain, nolabaiteko koherentzia bilatzen dute Batasuneko beste prozesu batzuekin, hala nola Berreskuratze eta Erresilientzia Planarekin.

Espainiari buruzko kapituluan Batzordearen txostenak, alde batetik, aurrerapenik izan ez duten gaiak aipatzen ditu, gomendioetan ere azpimarratzen dituenak. Honako hauek dira:

Beste alde batetik, Batzordeak kontuan hartu ditu beste gai batzuk, kasu honetan konpontzeari dagokienez aurrerakuntzak izan dituztenak. Gai horiei buruzko gomendioak jaulkitzen ditu erabateko lorpenerantz sakontzen jarraitzera animatzeko, hala nola:

  • Interes-taldeen jarduerari buruzko lege-proiektua aurkezteko emandako urratsak. Legea onartzea gomendatzen da, interes-taldeen (lobbyak) erregistro publiko eta nahitaezkoa ezartzea barne.
  • Ikus-entzunezko baliabideak arautzen dituen agintaritza nazionalari baliabide nahikoak esleitzeko bermeak ezartzea, agintaritza horren eraginkortasuna indartzeko, komunikabideen erregulatzaileen independentzia jasotzen duen 2018/1808 (EB) Zuzentarauaren ildotik.
  • Sailkatutako informaziorako sarbidea hobetzeko egindako urratsak. 1968ko Sekretu Ofizialei buruzko Legea erreformatzea gomendatzen da, ataza horretan  dokumentu ofizialak eskuratzeko Europako arauak kontuan hartuta (Europako Kontseiluaren Tromsø-ko 2009ko Hitzarmena).
  • Azkenik, Administrazioko goi-kargudunen interes-gatazkei eta ondare-aitorpenei buruzko arauak indartzea gomendatzen da; hori Interes Gatazken Bulegoaren zehapen-eskumenak sendotuz burutuko da.