Europar Batasunaren eta Latinoamerikaren arteko lankidetza-programa batean laguntzen ari da Arartekoa, justizia errestauratiboa Txileko gazte-justiziaren sisteman ezartzea bultzatzeko

EUROsociAL deritzan Europar Batasunaren eta Latinoamerikaren arteko lankidetza-programan laguntzen ari da Arartekoa, gizarte-kohesioa sustatzeko. Hil honetan, Txileko Justizia Ministerioak sentsibilizazio- eta prestakuntza-prozesu bat hasi du justizia errestauratiboari eta bitartekaritzari buruz. Gazte-justiziaren sektoreko operadoreentzat da, gerta litezkeen kasuak bideratzeko eta kudeatzeko. Arartekoko justizia errestauratiboaren arloko arduraduna aditu gisa joango da martxoaren 15ean, 18an eta 20an Txileko iparraldeko hiru eremutan (Antofagasta, Copiapó eta Coquimbo) egingo diren eskualde-batzarretara. Laguntza horri amaiera emateko, martxoaren 21ean, Arartekoko langileak Justizia Errestauratiboari buruzko Nazioarteko Mintegian parte hartuko du ponentzia baten bidez. Mintegi hori herrialdeko hiriburuan izango da, Txileko Santiagon, Latinoamerikako parte-hartzaile guztientzat zabalik egongo da, eta bertan esku hartuko dute, beste agintari batzuen artean, Txileko Justizia ministroak eta Europar Batasunak herrialde horretan duen Ordezkaritzako zenbait langilek.

    Location : Antofagasta, Copiapó, Coquimbo, Santiago de Chile


Ekitaldiak gorde: