Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak estatu kideetako batean zehaztutako sexu bereko bikoteen filiazioa onartzera behartu ditu estatu kide guztiak, zirkulazio askea baliatzeko

Auzi-jartzaileak bi emakume dira, Espainian bizi dira eta bikotea osatzen dute. Herrialde horretan ezkondu ziren eta jaio zen euren alaba. Emakumeetako bat bulgariarra da, eta bestea, britainiarra. Alabaren Espainiako jaiotza-ziurtagirian, bi emakumeak agertzen dira ama gisa.

Ama horiek bere alabarentzat Bulgariako nortasun-agiria lortzen saiatu zirenean, agintari bulgariarrek amatasun biologikoaren probak eskatu zizkieten, izan ere, Bulgariako jaiotza-ziurtagirietan, inskribatutako umearen "aita" eta "ama" bakarrik jar daitezke, ez dute uzten bi ama inskribatzen. Bikoteak ama biologikoa bietatik nor zen adierazi nahi ez zuenez gero, ukatu egin zitzaien Bulgariako jaiotza-ziurtagiria. Bikoteak ukapen horren kontrako errekurtsoa jarri zuen Bulgariako auzitegi batean, eta hark, bere aldetik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari galdetu zion ea ukapena Batasuneko Zuzenbidearekin bat zetorren.

Bere epaian, Justizia Auzitegiak erabaki du Bulgaria, kasu honetan, neskatoarentzako nortasun-agiria egitera behartuta dagoela, umea herritar bulgariarra baita, eta ez duela Bulgariako jaiotza-ziurtagiririk eskatu behar, bada harentzat baliozkoa izan behar du neskatoa jaio zen estatu kideko (Espainia, kasu honetan) jaiotza-ziurtagiriak. Estatu kideak bere herritarrei nortasun-agiriak edo pasaporteak egitera behartuta daude, haiek Europar Batasuneko herritarrak direla eta Batasuneko lurraldean aske zirkulatzeko eskubidea dutela egiaztatuta gera dadin, Europar Batasuneko Tratatuaren 21.1 artikuluaren arabera. Behin Espainiako agintariek neskatoaren filiazioa bere bi amekin zehaztuta eta, haren jaiotza-ziurtagirian, idatziz hala jasota, estatu kide guztiek onartu behar dituzte bi amak neskatoaren gurasotzat, hura beraien benetako zaintzapean eta jagoletzapean baitago. Horrela, neskatoak, Batasuneko herritarra denez, aske zirkulatzeko eskubidea baliatu ahal izango du bere nazionalitate-estatuaren (Bulgaria) eta bizileku-estatuaren (Espainia) artean, izan ere, eskubide hori erabiltzeko, bere amek lagundu behar diote. Horren haritik, Espainiak egiten duen agiria (jaiotza-ziurtagiria izan daiteke), amei neskatoarekin bidaiatzea ahalbidetuko diena, Europar Batasuneko herrialde kide guztiek onartu beharko dute.

Estatu kideak sexu bereko bikoteen ezkontza edo gurasotasuna onartzera behartuta ez badaude ere, egoera zibilari dagozkion bere arauek errespetatu egin behar dituzte zirkulazio-askatasunaren eta bizilekuaren gaineko Europar Batasuneko Tratatuko arauak; horretarako, beharrezkoa bada, onartu egin behar dute beste estatu kide batean ezarritako pertsonen egoera zibila. Justizia Auzitegiaren ustez, betebehar horrek ez du urratzen sexu bereko bikoteei familia-eskubideak aitortzen ez dizkieten estatuen identitate nazionala, ez baititu behartzen beren legerian ezkontza edo gurasotasuna ezartzera, baizik eta, soil-soilik, beste estatu kide batzuetan ezarritakoak onartzera, Europar Batasuneko Zuzenbideak ematen dituen eskubideen ondorioetarako. Gainera, ume bati aske zirkulatzeko eskubidea eragoztea edo, zirkulatzeko orduan, bere gurasoetako batekin duen harremana kentzea familia-bizitza izateko eta haurraren interes gorenerako eskubideen kontrakoa da (eskubide horiek Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean ezarrita daude, 7. artikuluan eta 24. artikuluan). Era berean, Auzitegia Haurren Eskubideen Hitzarmenaren 2. eta 7. artikuluetan oinarritzen da honako hau adierazteko: ume orok, jaio ondoren, inskribatua izateko eta nazionalitate bat lortzeko eskubidea duela, bere gurasoen sexu-joeran oinarritutako ezein diskriminazio pairatu behar izan gabe.