Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak ziurtatu du Batasuneko afrikarren ondorengoek geroz eta arrazakeria handiagoa jasaten dutela

2023ko urriaren 25ean Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) “Beltza izatea EBn” bigarren txostena argitaratu zuen. Bertan afrikarren ondorengoen Europako bizipenak azaltzen dira. Lehen txostena 2018an argitaratu zen, eta haren bidez agerian ipini zen Europan afrikarren ondorengoen kontrako arrazakeria orokorra dela eta errotuta dagoela. FRA agentziaren bigarren txostenean bildutako datu berriek erakusten dute Europar Batasuneko 13 herrialdetan (Espainia barne) bizi diren Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaileek eta haien ondorengoek geroz eta diskriminazio eta indarkeria handiagoak jasaten dituztela.

Azken txostenean azpimarratzen da aurrekotik igarotako 5 urteetako gertaera nagusiak Black Lives Matter mugimendua eta mundu osoan arrazakeriari aurre egiteko eta justizia arraziala sustatzeko izan den mobilizazioa izan direla. Gainera, erakundeen eremuan aurrera egin da, Europako Batzordeak Europar Batasunaren 2020-2025 aldiko arrazakeriaren aurkako lehen ekintza-plana onetsi baitu. Hala ere, FRAko zuzendari Michael O’Flahertyk esan duenez, “harrigarria da inolako hobekuntzarik ez ikustea. Aitzitik, afrikarren ondorengoek geroz eta diskriminazio handiagoa jasaten dute beren azalaren kolorearengatik.” Hona txostenaren ondorio nagusiak:

  • Arrazaren araberako diskriminazioa - Inkestari erantzun dioten pertsonen % 45ek esan dute arrazaren araberako diskriminazioa jasan dutela azken 5 urteetan. Beraz, gehikuntza handia gertatu da, azken azterlanean % 39k adierazi baitzuten hori. Gainera, diskriminazioa ikusezina da oraindik: halako gertaeren biktima izan diren pertsonen % 9k baino ez dute salaketa jarri, eta salaketa oso gutxi aurkezten dira berdintasun-erakundeetan. Espainian, inkesta egin zaien pertsonen % 4k baino ez dute aurkeztu salaketa edo kexa eraso arrazista jasan ondoren. Gainera, ez daukate berdintasun-erakundeen eta laguntza espezializatua ematen duten erakundeen berri.
  • Arrazaren araberako jazarpena - Afrikarren ondorengoen % 30k diote arrazaren araberako jazarpena jasan dutela, eta indarkeria arrazistaren biktima izan diren pertsona gehienek arazo psikologikoak dauzkate jazarpenaren ondorioz, eta berriz ere eraso egingo dieten beldur dira. Atal honetan Espainia nabarmendu da, bertan baita baxuena jendartean arrazaren araberako jazarpena edo indarkeria jasango ote duten arduratuta daudenen ehunekoa.
  • Poliziak arrazaren edo etniaren araberako profilak erabiltzea - Afrikarren ondorengoen erdiak baino gehiagok uste dute poliziak azkenekoz atxilotu zituenean arraza-profila erabili zuela. Espainia da, Italiaren ondoren, poliziaren arrazaren araberako esku-hartzeen tasa handiena daukan herrialdea. 
  • Enplegua - Afrikarren ondorengo asko kualifikazio urriko lanpostuetan ari dira, eta hirutik batek aldi baterako kontratua dauka eta ez dauka gizarte segurantzarik. Espainia afrikarren ondorengoen artean lan ordainduen tasa baxuenetakoak dauzkaten herrialdeetako bat da. Aipagarria da emakumeen eta gizonen arteko arrakala (25 puntu); gainera, aldi baterako kontratuen ehuneko altuena daukan herrialdea da (% 45). Horrez gainera, Espainia eta Suedia dira daturik txarrenak dauzkatenak inkesta egin zaienen artean ez lanik egin, ez ikasi, ez prestakuntzarik jasotzen ez duten gazteei dagokienez (16-24 urte): ehunekoa biztanleria orokorrekoa hala bi da gutxi gorabehera. 
  • Inflazioak eta bizi-kostuak gora egin dute, eta ondorioz afrikarren ondorengoek gainerako herritarrek baino arrisku handiagoa daukate pobrezian erortzeko. Heren batek arazoak dauzka hil amaierara heltzeko. Espainian, ia inkesta egin zaienen erdiek arazoak (handiak) eduki dituzte hil amaierara heltzeko.

Txostenean Agentziak gomendio batzuk ematen dizkie Batasuneko herrialdeei arrazakeriaren eta diskriminazioaren aurka egiteko eraginkortasunarekin. Hona hemen gomendio garrantzitsuenak:

  • Behar bezala aplikatzea diskriminazioaren kontrako legeria, eta disuasio-zehapen eraginkorrak eta proportzionalak ezartzea.
  • Gorrotoak eragindako delituak identifikatzea eta erregistratzea, eta arrazakeriak bultzatuta jokatzea astungarritzat hartzea zehapenak ezartzean.
  • Berdintasunaren inguruko datuak biltzea, "jatorri etnikoa edo arraza-jatorria” barne, egoera aztertzeko eta egindako aurrerapenak ikuskatzeko.
  • Bermatzea berdintasun-erakundeek diskriminazioari aurre egiteko eta biktimei laguntzeko behar dituzten aginteak eta baliabideak edukitzea.
  • Neurriak ezartzea poliziaren jardunean diskriminazioa bultzatzen duten jardunbideak eta kultura eragozteko eta ezabatzeko, honako hau oinarritzat hartuta: FRAren gida legearen aurkako profilak ez egiteko (2018).
  • Berariazko politikak lantzea arrazakeriari eta arrazaren araberako diskriminazioari aurre egiteko hezkuntzan, enpleguan, etxebizitza eta osasun-arretan.

Aurten Arartekoak “Diskriminazioa eta diskriminazioaren aurkako politikak EAEn” azterlana argitaratu du, herritarrei ohartarazteko ezinbestekoa dela Euskadin diskriminazioaren eta arrazakeriaren aurkako politika publikoak abian jartzea. Arartekoaren azterlana bat dator FRAren txostenarekin, adierazten baitu etxebizitza lortzen zail dutela diskriminazioa eta bizileku-bereizketaren arriskua jasaten dituztenek. Halaber, bi azterlanen gomendioak ildo berekoak dira, bietan adierazten baita, besteak beste, lehentasuna eman behar litzaiekeela diskriminazio-jokabideen aurreko prebentzio, babes eta erreparazioko neurriei, erreklamazio administratiboaren edo organo judizialen aurreko salaketaren osagarri gisa; informazioa, aholkuak eta laguntza eman behar zaizkiela diskriminazioa jasan dezaketen pertsonei eta diskriminazioak edo arrazakeriak eragindako gertaeren biktima izan direnei; garrantzitsua dela berariazko neurriak sortzea poliziak pertsonak identifikatu behar dituenerako; ezinbestekoa dela diagnostiko-azterlanak egitea politika publikoak eratzeko eta berdintasunaren arabera xehatutako datuak biltzea.