Euskadiko Zeliakoen Elkartea jarduneko arartekoarekin elkartu da gaur

Euskadiko Zeliakoen Elkarteko (EZE) hainbat ordezkarik mural bat eman diote gaur Julia Hernández jarduneko arartekoari. Mural hori haur eta heldu zeliakoek egin dute, marrazkiez eta zeliakoen eguneroko bizimodua, beharrak eta arazoak azaltzen dituzten mezuez.

Gaitz zeliakoa da hesteetako gaitz kronikorik ohikoena. Glutenarekiko intolerantzia iraunkorra du bereizgarri; proteina hori izaten dute gariak, espeltak, kamutak, garagarrak edo zekaleak. Gaixoentzat ezagutzen den tratamendu bakarra, oraingoz, bizi osoan glutenik gabe elikatzea da.

Jardunaldi horren bitartez, zeliakoek beren gaixotasuna ezagutarazi nahi dute, diagnostiko goiztiarra egitea oso garrantzitsua dela nabarmendu eta glutenik gabeko elikagaiak merkatu ditzatela eskatu.

Glutenik gabeko elikagai askori %21eko BEZa ezartzen zaie; horregatik, gaixo horien erreibindikazio garrantzitsuenetako bat da merkatu ditzatela glutenik gabeko produktuak, eta diru-laguntzak abiaraz ditzatela, familiek tratamenduari aurre egin ahal izan diezaioten.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 27a