Euskadin kultura-ondasunak babesteko araubideak berekin dakartzan arazoak

XXXVI. Uda Ikastaroak,  XXIX. Europar Ikastaroak - UPV/EHU 2017

Kultur ondareak badu babesteko araubide bat, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean bildutakoa. Lege horretan garatu den arau-esparruaren bidez, ondasun higigarri, higiezin eta materiagabeek, kultur baliorik baldin badute, babestea merezi dute.

Kultur ondasunak iraunaraziko badira, euskal botere publikoek ondasun horiek babestu, iraunarazi eta balioesteko agindua jaso behar dute. Kulturaren gaineko legeriak eskumen-banaketa konplexua ezartzen du euskal erakundeen sarean (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak).

Bestalde, ondasunen jabeek ere horiek iraunarazi, zaindu eta behar bezala babestu beharra daukate, ondasunak osorik iraungo dutela ziurtatzeko, eta galdu, suntsitu edo hondatu ez daitezen.

Aldi berean, Euskadin elkarte-sare zabal bat dago, eta, legerian jasota dagoen herri-ekintzak bultzatuta, bere helburuen artean dauka kultur ondarea herri-administrazioen aurrean defendatzea.

Erantzukizun publiko eta pribatu partekatu horrek errealitatean gatazkak sortu ditu jabeen, administrazioen eta elkarteen artean, eskubide eta betebehar horiek zuzen baliatzea dela eta.

Urte hauetan barrena, Arartekoak zenbait jarduera burutu ditu beraien historia, arkitektura, arkeologia edo paisaia balioagatik babestuta dauden kultur ondasun horiek onartu eta babestearen inguruan.

Arartekoak, jardunaldi hau antolatuz, eztabaida piztu nahi du botere publikoen eta euskal kultur ondarea babestea ardura zaien taldeen artean.

Ikastarora joan nahi duten pertsonak Arartekoarekin harremanetan jar daitezke helbide honen bitartez: jardunaldiak@ararteko.eus

    Location : Donostia-San Sebastián


Ekitaldiak gorde: