Euskadin osasun mentalari ematen zaion arreta. Gaiari heltzeko eredua, dauden baliabideak, antzemandako beharrak eta sistemen arteko koordinazioa

Arartekoak argitara eman ditu Donostian egin zen Uda Ikastaroko ponentziak eta materialak

Argitalpen horretan bildu dira EHUren XLI. Uda Ikastaroen barruan Arartekoak Donostiako Miramar jauregian joan den uztailean antolatu zuen ikastaroko ponentziak.

Osasun mentalari lotutako arazoak prebenitzea lehen mailako gizarte-erronka da, eta ezinbestean berretsi behar dugu oso garrantzitsua dela ahalik eta goizen antzeman eta artatzea, eta lehen mailako arretak zeregin jakin bat duela prozesu horretan.

COVID-19aren pandemiak sortu duen gizarte- eta osasun-egoerak biztanle guztiei eragin die. Alabaina, gizarte-krisi gehienetan gertatu ohi den bezala, bereziki eragiten die fisikoki, psikologikoki eta gizarte mailan ahulenak direnei, are gehiago lan-prekarietate egoeran baldin badaude eta komunitatean edo familian laguntza-sarerik ez badaukate.

Pandemiak estres existentzial handiko egoerak piztu ditu, arreta-eskaerak areagotu ditu eta agerian utzi du eskura dauden sistemek eta baliabideek agian gabeziak dituztela (maila sozialean nahiz indibidualean). 

OMEk 2020ko erdialdera egindako inkesta batek argi erakutsi zuen pandemia-aldian nabarmenki eten zirela nahasmendu mental edo neurologikoak eta sustantziak kontsumitzeagatiko kasuak artatzeko zerbitzuak.

Beraz, aurre egin beharreko erronken artean, gizartea sentikorrago bihurtzen eta estigma erauzten lan egin behar da, eta arreta jarri behar da edozein zailtasun edo arazo goiz prebenitzen eta antzematen, larriagotu ez dadin edo edonor bere burua arriskuan jartzera eraman ez dezan. 

Ikastaro hau osasun mentala zaintzeko orduan funtsezkoak diren faktoreak detektatzera bideratuta zegoen: batez ere, arriskuei aurrea hartzea, horiek antzeman eta kontrolatzea, zerbitzuetara irispidea izatea, profesionalen arteko harremanak eta koordinazioa, baliabide espezializatuetara bideratzea, baita ere beste eragile batzuekin eta komunitatearekin berarekin hitz egitea.

Argitalpenera sartu

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 18a