EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN EGOERA IZENBURUKO TXOSTEN BEREZIAREN AURKEZPENA

Txosten hau lantzen hasi zenean, Arartekoak hiru helburu zituen: zerbitzu horiek gaur egun nola dauden ikustea, ikuspegi gehientsuenak aztertuz, baita zerbitzuon oraingo eta geroko ahalmena ere; 1999n lehenbiziko txostena egin zenetik gaur arte izan duen bilakaera aztertzea, eta, aldi berean, txosten hartan Arartekoak egindako gomendioak zenbateraino bete diren baloratzea; eta, azkenik, hainbat ondorio eta gomendio proposatzea, hobetu ahal izateko eta beren eginkizuna egoki beteko dutela bermatzeko.

Ildo horretan, jada aurrera dezakegu azterketaren azpian dauden ondorioetako bat: alegia, oraindik ere baliozkoak direla eta justifikatuta daudela orain hamar urte prestaturiko txostenean egin genituen gogoeta eta gomendioetako asko.

Txostenaren ondorioetan, oinarrizko gizarte zerbitzuen argazki oso eta konplexua egin da. Ondorio horiek benetako egoera islatzen dute, bi zertzelada hauei esker:

- Oinarrizko 216 unitateren iritziak jaso dira, hau da, Euskal Herriko unitate guztietatik %82,4renak.
- Informazioa eman digute unitate horietako arduradunek, bertan lanean diharduten profesionalek, zerbitzu horien erabiltzaileek, udal arduradunek, lankidetzan aritzen diren eragileek, zuzenean parte hartzen duten adituek eta eragileek eta, oro har, herritarrek −guztira, 500en bat pertsonak−.

Txosten zehatz eta sistematiko honen bitartez, tresna baliotsua eduki nahi dugu, ez eragindako administrazioentzat soilik, baizik eta baita gizarte-politikak prestatzeko ere. Txostenari esker, zerbitzu hauen ahulguneak nahiz indarguneak eta horiek izan ditzaketen egiturazko beharrak ezagut daitezke, eta agerian jar daiteke zerbitzuotan balio handiko lana egiten dela, gure gizartean oraindik dauden beharren behatoki pribilegiatua baita.

Doitu egin behar dira zerbitzuek etengabe jasotzen dituzten zerbitzu-eskaerak (hamar urteotan %70 igo da eskaera), horretarako baliabideak neurri berean eta behar beste ugarituz (denboraldi berean %45 igo da barneko langilegoaren kopurua). Grafikoki, txostenean hainbat datu adierazgarri bildu dira gai horren gainean. Horrela jardun ezean, hau da, elkarren segidako lege-berritzeek duten eraginari buruzko azterketa errealista egin ezean, kolapso arriskua dago, argi eta garbi.

- Txostenaren egitura eta eduki nagusiak

Txostena hiru zati handitan egituratuta dago. Lehen zatiak, argiro, gaia testuinguruan kokatzea du helburu, eta bertan zehatz-mehatz aztertu da zein testuinguru teoriko hartzen den oinarritzat gizarte zerbitzuen eredu komunitarioa eraikitzeko. Bigarren zatia ikerketak berak osatzen du eta egoeraren diagnostikoaren oinarria da. Azkenik, hirugarren zatian ondorioen kapitulua agertzen da, diagnostiko global moduan oso aberatsa eta adierazgarria, baita gomendio zerrenda bat ere −34, hain zuzen−.

Txostenaren aztergaiak lehentasunezko hiru alderdi ditu:

- Oinarrizko gizarte zerbitzuetan giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzea. Giza baliabideei dagokienez, plantillak hornitzea, bertako langileen lan-baldintzak, segurtasun-baldintzak eta laneko osasuna, lan-zama eta trebakuntza; eta baliabide materialei dagokienez, zerbitzuen irisgarritasuna, hornitura materialak eta IKTen erabilera.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaileak artatzea: erabiltzaileen eskubideak bermatzearekin eta jasotako zerbitzuarekin pozik egotearekin lotutako alderdiak, baita gizartean parte hartzeko sistemak eta presako prozedurak ere.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuetan gizarte ekintza burutzea, zerbitzu horiek sistemarako sarbide gisa jarduteko duten ahalmena aztertuz, kasuak kudeatzea eta zerbitzu espezializatuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, besteak beste.

- Txostenetik ondorioztatzen diren oinarrizko ideia batzuk:

Oinarrizko gai batek baino gehiagok merezi dute besteen gainetik nabarmentzea:

- Lortutako datuetatik ondorioztatzen denez, agerikoa da ¿sozializatu¿ egin behar dela oinarrizko gizarte zerbitzuetan burutzen den lana, izan ere, herritarretatik %43k ez daki zerbitzu horiek zein eginkizun dituzten eta, hala ere, horietara jotzen dute euskal familietatik %15ek. Ildo beretik, azpimarratu behar da kolektibo jakin batzuek erabiltzen dituztela zerbitzuak, ez erabiltzaile izan daitezkeen guztiek.
- Erabiltzaileek oso irudi ona daukate oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalez eta ematen duten zerbitzuaz.
- Aitzitik, zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen ustez, gero eta kalitate gutxiago du egiten ari diren zerbitzuak, eta beren lanaren ikuspegi negatibo ugari ematen dute.
- Zerbitzu publikoaren barruko eta kanpoko ikuspegien arteko sinkronia falta hori ikuspuntu honetatik soilik uler daiteke: profesional gehienak beren lanarekin oso konprometituta daude, beren zereginak mugarik gabe gehituz doazela ikusten dute, eta sentitzen dute ez daukatela astirik beren lan sozioedukatibo eta harremanezkoetan funtsezkoak diren gaiak jorratzeko, denbora zeregin administratiboagoetan ematen dutelako.

Lehenago adierazi dugunez, txosten honetan, bereziki, gizarte zerbitzuetako profesionalei hizpidea eman zaie, eta haien testigantza txostenaren ardatz nagusia eta zeharkakoa bihurtu da. Horrela, argi ikusten da alderdi bat nabarmendu beharra dagoela: hain justu, profesional horiei laguntza eta arreta psikosoziala eman behar zaiela, hartu beharreko lehentasunezko neurri gisa.

Oinarrizko gizarte zerbitzuez egin den diagnostikoan, akats batzuk ikusten dira argiro:

¿ Euskal herrian, agerikoa denez, jarduera-eredu ugari ditugu, horiek garatu dituzten udalak bezainbeste; horren ondorioz, nekez garatu izan da sistema modu homogeneoan eta orekatuan, eta beharrezko egiten du oinarrizko gizarte unitate guztientzako jarduera-eredu bakarra ezartzea, eta buruzagitza argia izatea hori garatu eta hobetzeko.
¿ Gastu soziala eta horrekin zerikusia duten gizarte-jarduerena %62 igo hazi 10 urtean, baina ez dira neurri berean hazi haien kudeaketaz arduratzeko langile-zuzkidurak; horrek izugarri zailtzen du erabiltzaileen arazoei osorik aurre egitea.
¿ Ez dago esku hartzeko eredu komunik. Beraz, oinarrizko gizarte zerbitzuek ez daukate lanabes, prozedura, tresna eta praktika profesional komunik.
¿ Oraindik badira ase gabeko behar materialak. Honatx horren adibide garbi bat: gaur egun unitateetatik %38 oraindik ez dira fisikoki irisgarriak mugikortasun urriko pertsonentzat (aurreko txosteneko egoerarekin alderatuta, dezente hobetu bada ere).

- Gomendioak:

Unitateei berei eta administrazio eskudunei laguntzeko tresna moduan, txostenaren bukaeran hainbat gomendio egin dira, zortzi arlotan egituratuta: gomendio orokorrak; kontzeptu, zuzenbide eta antolakuntzari buruzko gomendioak; zonakatzearen gaineko gomendioak; zerbitzuak jasotzeko prozedurei buruzkoak; langileen ingurukoak; banakako eta familiako esku-hartzeari buruzkoak; erabiltzaileen eskubideen eta zerbitzuen kalitatea neurtzearen gainekoak; eta, azkenik, oinarrizko gizarte zerbitzuak komunitatean parte hartzeari buruzko gomendioak eta bigarren mailako arreta-sarearekin koordinatzeari buruzkoak.

Gomendio orokorretako batzuk azpimarratu nahi ditugu, argiro hobetu daitezkeen arlo bezala:

1. Izaera finalista duen finantzaketa ezarri behar da, udalentzat nahikoa eta egonkorra izango dena, oinarrizko gizarte zerbitzuak giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko.
2. Gizarte zerbitzuetako profesionalen adierazleak edo ratio egokiak zehaztu behar dira, kontuan hartuz gizarte-laneko langileak, administrazioko langileak eta gizarte-heziketakoak.
3. Baloratzeko eta diagnostikatzeko tresna komunak erabili behar dira, eta gizarte-fitxaren eta arreta pertsonalizaturako planaren eredu homogeneoak.
4. Ustiaketa komuna egiteko tresna informatikoak zehaztu beharra dago. Tresna horiek zerbitzu mota eta unitate ezberdinei elkarrekin jarduten utzi behar diete; eta zerbitzuen eta herritarren arteko elkarrekintza ere ahalbidetu behar dute.
5. Zerbitzuen arteko koordinazioa biziagotu behar da, baita zerbitzuen eta bigarren mailako arreta-sarearen artekoa ere.
6. Herritarrek eta komunitateak parte hartzeko bideak bultzatu behar dira.


Lotutako dokumentazioa

Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera